Kontxako estropadan, emakumeek gizonezkoen lehian parte hartu ezin dutela nabarmendu dute antolatzaileek

Irutxuloko Hitza 2019ko abu. 6a, 16:32

Sare sozialetan arautegia aldatzearen aldeko iritziak nagusitu dira azken orduetan.

Donostia Kulturak jakinarazi duenez, Kontxako estropadan ezin dute emakumezko patroiek parte hartu gizonezkoen estropadan. Donostiako Banderako antolatzaileen arabera, “lehiaketa ez da mistoa, gizonezkoen bandera bat dago eta beste bat emakumezkoena”. Antolatzaileen oharrak zalaparta sortu du sare-sozialetan, gaur egun KAE 1 ligan Getariako gizonezkoen trainerua zuzentzen duen emakumezko patroia baitute, Izaro Lestayo getariarra, hain zuzen ere. Arraunzale askorentzat berdintasunaren bidean "atzera pausua" da erabakia.

Irutxuloko Hitzan azaldu dutenez, oinarrietan gaztelaniazko bertsioan bakarrik dator zehaztuta debekua, tripulazioari dagokion puntuan. Emakumezkoen banderari dagozkion oinarrietan “patrona” hitza agertzen da, gizonezkoenari dagozkionetan, “patron”. Euskaraz berriz ez da zehaztapenik egiten arlo horretan. Araudiak horrela dio: “Tripulazio bakoitza hamahiru arraunlarik eta patroiak osatuko dute”. Hala eta guztiz ere, antolatzaileek emakumeek “gizonezkoen proban” parte hartu ezin dutela adierazi dute, eta sare sozialetan arautegia aldatzearen aldeko iritziak nagusitu dira azken orduetan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!