Merkatariak kexu dira hondakinak biltzeko sistema berriarekin

Karkara 2019ko abu. 8a, 13:53

Herriko merkatariek hondakinak gaika jasotzeko sistema funtzionala eta bideragarria eskatu diote Urola Kostako Udal Elkarteari, merkatarien beharretara egokitutakoa.

Orioko merkatariak ez daude gustura zaborra biltzeko sistema berriarekin. Merkatariek azaldu dutenez, hiru hilabetero kuota bat ordaintzen dute udal elkarteak hondakinak atez ate jaso ditzan, baina bilketa sistema beren beharretara ez dela egokitzen salatu dute.

Antza denez, udal elkartearekin hitz egin dute gaiaz, eta hainbat aukera eman dizkiete irtenbide modura. Alde batetik, edukiontziak komertzioen kanpoko aldean uzteko proposatu diete, kamioia pasatzen denean hustu ditzan. "Hau ez zaigu egokia iruditzen, ez baita txukuna geratzen dendaren edo tabernaren aurrean edukiontzia izatea, zenbait establezimendutako hondakin organikoak usaina txarra izaten baitu".

Bestetik, hondakinak garbigunera eramateko aukera ere eman diete, baina merkatariek nabarmendu dute, garbigunearen ordutegia komertzioen berdina dela, eta ezin dutela zerbitzu hori erabili. Arrandegiko poliexpanezko kaxak esaterako, ezin dituzte edukiontzietara bota. "Udal elkartera deitu genuen irtenbide batean bila, baina ez ziguten erantzunik eman. Hiru aste egon naiz irtenbide baten zain, eta aste honen hasieran esan digute astelehen, asteazken eta ostiraletan jasoko dizkigutela aipatutako kaxak. Atzo zerbitzuaren lehen eguna izan zen; udal elkarteak eskatu bezala, lehen orduan kaxak dendako kanpoko aldean utzi genituen, baina kamioia pasa zenean, kaxa asko zirela iruditu zitzaion eta ez zizkigun bildu. Berriz ere kaxak jaso egin behar izan genituen. Ostiralean pasako da berriz bilketa zerbitzua eta oraingoan kaxak jasotzea espero dugu". Horrez gain, arrandegietako arrain-tripak ere ez ditu jasotzen zerbitzuak. "Arrainaren tripak ez dituzte hondakin organikotzat hartzen, kutsatu egin dutela esaten dutelako. Ondorioz, garbigunera eramateko eskatzen digute, Zarautza, Pasaira edo Oiartzuna".

Mota horretako hainbat adibide azaldu dituzte herriko merkatariek eta ostalariek, eta zaborra gaika jasotzeko sistema funtzionala eta bideragarria eskatu diote Urola Kostako Udal Elkarteari. Arkupe elkarteko presidente Jose Manuel Gozategiren esanetan, "ingurumena zaintzeko apustua egin dugu merkatari askok. Guk esaterako, ez ditugu plastikozko poltsak banatzen bezeroen artean. Zaborra gaika biltzea ere oso garrantzitsua iruditzen zaigu, baina zerbitzua gure beharretara egokitzeko ahalegina egin beharko dugu denon artean. Ezinbestekoa iruditzen zaigu, udal elkarteko arduradunek gure proposamen eta iritziak kontutan hartzea, zerbitzua denon mesederako izan dadin".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!