Gari Aguado da Orioko preferente mailako futbol taldearen entrenatzaile berria

Gaur arratsaldean aurre-denboraldiko lehen partida jokatuko du preferente mailako taldeak.

Orioko preferente mailako futbol taldea hasi da entrenamenduekin, eta aurre denboraldian murgilduta daude dagoeneko. Taldean hainbat jokalari berri izateaz gain, entrenatzaile berria ere badute, Gari Aguado zarauztarrak hartu baitu Iban Luis 'Txipi'-ren lekukoa.

Taldeak gaur arratsaldean jokatuko du aurre denboraldiko lagunarteko lehen partida,  Zarauzko jubenil mailako taldearen aurka, Mendibeltz zelaian.19:00etan hasiko da norgehiagoka, eta 30 minutuko hiru zatitan banatutako partida izango da.

Gaurko hitzorduaz gain, beste hainbat partida ere izango dituzte hurrengo astetan: hilaren 24an esaterako, Azpeitiko Ikasberri izango dute aurkari Azpeitian; abuztuaren 28an, Sanpedrotarraren aurka jokatuko dute partida, eta abuztuaren 31n berriz, Gasteizko San Prudentzio taldearen kontra. Azken bi partida horiek Orion izango dira.

Jubenilen lehen bilera gaur
Bestetik, Orioko Futbol Taldeko zuzendaritzak 2001-2003 urte artean jaio eta futbolean jokatu nahi duten gazteak gaur zelaira gerturatzera animatu ditu. Izan ere, 19:00etan jubenil mailako taldeak denboraldi hasierako bilera egingo du. Elkartearen asmoa mutilen jubenil mailan bi talde sortzea da, beraz, gazteak parte hartzera animatu dituzte. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!