Audioa: Traineru bat bestearen kalean sartzen denean, zer?

Arraunean okasioa piztu eta elkarri mokoka aritzeko ez dugu asko behar. Edo zehatzago esanda, oso gutxi behar dugu batzuetan. Bada arraunketaren arlo bat, ordea, nire ustez, beste edozeinek baino liskar gehiago sortzen duena. Lagun asko, bolada baterako behintzat, urruntzen dituena. Traineru bat beste baten kalean sartzen denean gertatzen denari buruz ari naiz.

Zilegi al da traineru batek bere kalea uztea, beste kaleko, ustez, baldintza hobeak aprobetxatzeko? Eta bere kaletik doan traineruko patroiak, bere kalea defendatzeko, beste trainerua jotzea, abordatzea, arauzkoa al da? Onargarria al da? Zer egin behar dute epaileek eta zer dio araudiak? Eta zuek, zer uste duzue?

Horra nire iritzia: Mezetako abestiak zioen moduan, egoki eta zuzen irizten diot patroi batek beste traineru baten kalea hartzeari, baldintza, bere ustez hobeak, aprobetxatzeko. Kale horri dagokion trainerua aurretik edo atzetik edo beste kale batean badago ez dago arazorik. Purrusta sortzen da, ordea, beste traineru baten kalera sartu eta han, etxeko jauna bezala, kalea dagokion trainerua dagoenean. Honek ba al du eskubidea bere kalera sartu den trainerua jotzeko? Nire iritziz, bere kaletik doan traineruak bere kalea defendatzeko traineru inbaditzailea bilatzea aurrena, palekin jotzea ondoren edo abordatzea, azkenik, arauzkoa behar luke. Bera da kalearen jabea, eta ejertzito batek gotorleku bat babesteko erabiltzen duen moduan, kalea defendatzeko bere arma guztiak erabiltzea, nire irudiz, ez doa kirol honen etikaren aurka eta arauzkoa behar luke. "Hi sartu haiz nire kalean, hik bilatu nauk, hik erreparatu hik sortutako egoeraren ondorioa". Iruditzen zait dramatismoa kendu eta naturaltasunez hartu beharko genukeela ontzi batek beste baten kalea hartzea eta naturaltasun berarekin, beste ontziak, bere defentsan, "erasotzailea" uxatzea. Palak joz, nahi bada. Horregatik, eta hau da garrantzitsua nire ustez, beste patroia gurutzean josi gabe, putakumeka hasi gabe. Bien helburua estropada irabaztea da, hori baino ez.

Auzi honetan bada bi patroiez gain, zeresan funtsezkoa daukan beste pertsona bat: itsasoko epailea. Zer egin beharko lukeen pertsona honek nire ustez? Hasteko, kalea uzten duen traineruari abisua segituan eman, eta ez ia beti bezala, berandu. Bi, bere kaletik doan traineruaren norabidea ez aldaraz eta, hiru, traineru inbaditzaileari lehenbiziko abisuan zuzendu ez badu, bandera horia, eta ondorioz, zigorra, lehenbailehen ezarri. Errepidean ere, euroak ordainduz eta puntuak galduz ikasi dugu.

Hemen, orain eta horrela ari naizen moduan jardutea erraza da. Uretan, ordea, kontuak ez dira horren sinpleak. Besteak beste, patroiek eta askotan epaileek ere ez baitakite traineruak zein kaletatik doazen. Auzi honengatik gehiago haserre ez gaitezen, nire tesi koxkor honetan, badut horretarako ere konponbidetxo bat: teknologia, zorioneko teknologia. Uneoro zein kaletatik doazen patroiek epaileek eta guk guztiok jakin dezagun tramankuluren bat, gailu magikoren bat, auzi hau behin betiko konpontzeko. Iraila badator, eta badaezpada nahiago izan dut gai honi buruz orain hitz egin, abuztuaren 19an; Kontxan zerbait gertatuz gero, seguraski ez naiz eta ausartuko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!