Orioko bigarren taldeari errezibimendu jendetsua egin diote herritarrek

Karkara 2019ko abu. 26a, 09:58

KAE 2 liga irabazita, mailaz igotzea lortu du gizonezkoen Orioko bigarren taldeak. Atzo izan zuten ospatzeko aukera oriotarrek, eta harrera beroa egin zieten arraunlariei herriko plazan.

Zortzi bandera irabazi dituzte guztira aurtengo denboraldian Orio B taldekoek. Ez da marka makala, eta bere saria izan du egindako esfortzuak: KAE 1 ligan izango dira datorren denboraldian. Ohitura den moduan txarangaz lagunduta heldu ziren arraunlariak plazara, lortutako bandera guztiak eskuetan zituztela. Txalo zaparradapean jaso zituzten oriotarrek, eta goraino bete zen plaza arraunlariak jasotzeko.

Lehen taldeak ere izango du bere errezibimendua gaur, izan ere, Boiroko bandera irabazi zuten atzo eta, hala, TKE ligako txapeldun geratzetik oso gertu daude. Berezia izango da gaurko errezibimendua, izan ere, 19:00etan, trainerua erriotik iritsiko da herriko plazara.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!