"Ni traineru kanpotik eta Alexander barrutik aritzeak sendotasuna eman dio taldeari"

Karkara 2019ko abu. 26a, 19:00

KAE1 ligara igo dira zuzenean oriotarrak, zazpi bandera irabazita. Larrañaga entrenatzailearen ustez, gakoetako bat izan da Jon Salsamendik asmatutako sistema: entrenatzaileetako bat arraunlari ere aritzea. Larrañaga pozik da emaitzarekin, baina hurrengo denboraldian pentsatzen hasi aurretik, "momentuaz gozatu" nahi du.

“Orain lasai nago”, adierazi du gaur Angel Larrañagak, Orio B traineruaren entrenatzaileak. KAE 2 liga irabazi dute matematikoki asteburuan,eta KAE1 ligara igo dira. Horregatik, herritarrek harrera beroa egin zieten atzo, igandea, Orion. 

“Gure helburua ez zen liga irabaztea, ahalik ondoen ibiltzea baizik, eta mutil guztiak forma-forman jartzea, aurten lehen taldeko plantilla nahiko justu zegoelako”. Ez alferrik, bi arraunlari eta patroi bat aurreneko taldean ibili dira. “Beldur ginen horien falta sumatuko genuen”, baina ikusi da ezetz. “Maila aparta eman dute gure arraunlariek”. Zazpi bandera irabazi dituzte, “B talde batentzat oso ohikoa ez dena”.

Denboraldi honetako arrakastaren gakoez ere mintzatu da Larrañaga. “Jon Salsamendik [Orioko gizonezkoen lehen taldeko entrenatzailea] asmatutako zerbait izan da entrenatzaileetako bat, Alexander Esteban, arraunlari ere aritzea. Eta oso ondo asmatu du. Izan ere, nik lehorretik emandako aginduak berak traineru barrutik indartu ditu, eta uste dut taldeari sendotasuna eman diola horrek, eta hein batean emaitzetan izan duela eragina”.

Beste gakoa, Hondarribiko estropadan Ugaitz Mendizabal jartzea patroi lanetan. “A eta B taldeetan dauka fitxa, eta eskatu nion estropada hura gurekin jokatzeko. Eta berari esker irabazi genuen. Segundo baten tartearekin helmugaratu ginen hiru talde, horietako bat gure aurkari zuzena. Irabazita, lider jarraitu genuen; bestela, lidertza galduko genukeen”.

KAE1 ligan ariko dira datorren denboraldian, baina oraindik ez du horretan pentsatzen hasi nahi Larrañagak. Orain “disfrutatzeko unea” dela azpimarratu du. “Denboraldia oso azkar pasatzen da, eta gero bestea etorriko da. Horregatik, orain gelditu eta momentuaz gozatu behar dugu”.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!