Orion jokatuko dute KAE 2 ligako bigarren 'play off' jardunaldia, larunbatean

Karkara 2019ko abu. 28a, 12:30

Momentuz, Orio B taldeak soilik eskuratu du KAE 1 ligara igotzeko txartela. Irailean ebatziko da KAE 2 ligako beste talderen batek mailaz igotzea lortzen duen edo ez.

Abuztuaren 24an jokatu zuten KAE 2 ligako azken estropada, Colindresen (Kantabria). Lidertzan amaitu zuen denboraldia Orio B taldeak; hala, zuzenean lortu zuen KAE 1 ligara igotzea. Momentuz, mailaz igotzeko txartela eskuratu duen talde bakarra da.

Hala, Getxok, Santoñak, Lapurdik eta Castrok abuztuaren 25ean izan zuten aurreneko play off jardunaldia, Castro Urdialesen (Kantabria). Getxo nagusitu zen, eta une honetan, beraz, aurreneko postuan daude. Bigarrena da Santoña, hirugarrena Lapurdi, eta laugarrena Castro.

Orion jokatuko dute bigarren play off-a, larunbat honetan, 18:00etan. Dena den, sailkapenean lidertza lortzen duen taldeak ez du ziurtatuta izango KAE 1 ligara igotzeko txartela. Izan ere, irailean ebatziko da KAE 2 ligako zenbat taldek izango duten mailaz igotzeko aukera, Eusko Label eta KAE 1 ligako play off-etan gertatzen denaren arabera.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!