Hegaluzearen arrantzaldia amaituta, Orioko arrantzaleak gustura daude egindako kanpainarekin

Karkara 2019ko abu. 29a, 16:10

Asteazkenean itsasora atera ziren arrantzaleak, ontzi bakoitzak lau mila kilo hegamotz arrantzatzeko kuota baitu oraindik.

Astelehenean, gau erdian, itxi zuten hegaluzearen kanpaina arrantzaleek, Europak Espainiako Estatuari ezarritako 16.620 tonako gehiengo kopurura arrantzatuta. Horietatik, 6.000 tona arrantzatu dituzte Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzaleek, eta iaz gertatu bezala, ohikoa baino lehenago amaitu da arrantzaldia. Arrantzaleak "gustura" daude kanpainarekin. "Bi hilabetetan, oso denbora gutxian harrapatu dugu kuota osoa, eta gustura gaude. Gainera, prezioa ere mantendu egin da", azaldu du Jon Mujikak, Orioko Kofradiako presidenteak.

Dena dela, arrantzaleek jakin badakite, kanpaina luzatzen denean normalean prezio hobean saldu ohi dutela arraina. "Horrez gain, kanpaina motza izateak presioa ere sortzen du arrantzaleen artean, itsasontziren bat denbora horretan ondo ibili ez bada, ez baitu errekuperatzeko denborarik izaten. Kanpaina luzeagoa denean, baporetik baporera alde txikiagoak izaten dira". Dena dela, Mujikak nabarmendu du, Orioko ontziak orokorrean "gustura" amaitu dutela kanpaina.

Hegamotzetara
Hegaluzearen kanpaina amaitu badute ere, lau mila kilo hegamotz arrantzatzeko kuota dute oraindik euskal itsasontziek, eta itsasoan dira dagoeneko. Asteazken arratsaldean atera ziren, eta astelehenetik ostiralera arrantza egin eta astebururako etxera itzultzeko asmoa dute. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!