Oriotarrek ez dute hutsik egin

Karkara 2019ko abu. 29a, 19:56
(Intza Unanue Arruabarrena)

Orioko emakumeen eta gizonezkoen trainerua, biak sailkatu dira Kontxarako gaurko estropadan.

Erabakita geratu dira datozen bi igandeetan Kontxako Banderarako lehian ariko diren traineruak; ez da aparteko ezustekorik izan emaitzetan. Emakumezkoen kasuan Orioko traineruak egin ditu lanak azkarren, bere mailarik onena erakutsiz.

Gizonezkoetan bigarren denborarik onena egin dute Mirotzek, ezusteko galanta eman duen Ondarroaren atzetik. Iñaki Arostegi Orio Arraun Elkarteko delegatuaren hitzetan, "ilusio handiz" egingo diete aurre Orioko bi traineruek datozen bi igandeetako erronkari. Emakumezkoek estropada "kontrolpean" eraman dutela azaldu du, eta gizonezkoetan lehia "estuagoa" izan bada ere, "lasai" egin dutela arraunean. "Ligan ondo aritzen diren taldeek galtzeko asko eta irabazteko gutxi izaten dute sailkapen estropada honetan, baina zorionez, ondo atera da dena". Delegatuak azpimarratu du "denboraldi historikoa" dela Orio egiten ari dena, baina "estropadaz estropada" egin behar dela aurrera eta orain iganderako atseden hartzea tokatzen dela azaldu zuen.

Gizonetan parte hartu zuten gainontzeko eskualdeko taldeek ez zuten egunik onena izan atzokoan. Zarautzek 15. egin zuen, Getariak 17. eta Zumaiak 19. 43 ontzik hartu dute parte guztira Kontxako Banderarako sailkatze estropadan; 20k emakumezkoetan eta 23k gizonezkoetan. Erlojuaren aurkako proba izan da, eta, minutu bateko tartearekin atera dira traineruak txandaka; emakumezkoak 17:30ean eta segidan,gizonezkoak. Emakumeetan bigarren ateratzea egokitu zaie oriotarrei eta gizonezkoetan, bosgarren. Aurreikuspenak betez, itsaso narratsarekin eta ipar-ekialdeko haizearekin jokatu dituzte estropadak arraunlariek. Baldintzak egokienak izan ez badira ere, ez da ezusteko handirik izan Kontxarako sailkatu diren taldeen artean.

Sailkapen proba amaitzean datorren iganderako taldeak osatzeko zozketa egin dute Donostiako udaletxean. Emakumezkoetan, Hondarribia, Donostiarra, Orio eta Hibaika ariko dira lehen txandan arraunean irailaren 1ean, eta bigarrenean Nautiko de Ribeira, Arraun Lagunak, San Juan eta Zumaian. Gizonezkoetan, lehen txandan ariko dira Kaiku, Urdaibai, Orio eta Santurtzi, eta bigarrenean Ondarroa, Donostiarra, Zierbena eta Hondarribia.

Ondorengoak dira Kontxarako sailkatu diren taldeak:

Emakumezkoak

1. Orio ,11:12,99
2. Arraun Lagunak, 11:31,06
3. Hibaika,  11:35,02
4. Zumaia, 11:38,64
5. Hondarribia, 11:42,72
6. San Juan, 11:42,88
7. Nautico de Riveira, 11:45,1
8. Donostiarra (zuzenean)


Gizonezkoak

1. Ondarroa, 20:15,58
2. Orio, 20:22,6
3. Santurtzi, 20:22,9
4. Hondarribia,  20:24,9
5. Kaiku, 20:26,8
6. Urdaibai, 20:26,86
7. Zierbena,  20:32,16
8. Donostiarra (zuzenean)

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!