"Ez genuen espero Kontxako Estropadako ohorezko txandarako sailkatzea"

Karkara 2019ko ira. 2a, 15:49

San Juango emakumezkoen traineruan Orioko jubenil mailako zazpi arraunlarik parte hartu dute aurtengo traineru denboraldian, eta Kontxako Banderan ohorezko txanda jokatzeko sailkatu dira. Tartean da Rosa Atorrasagasti arraunlari gaztea.

ROSA ATORRASAGASTI - Arraunlaria

Lan bikaina egin zenuten igandean, Kontxako Banderako lehen jardunaldian, eta ohorezko txandarako sailkatzea lortu duzue. Espero al zenuten?
Ez genuen espero ohorezko txandarako sailkatzea, baina gure helburuen artean zegoen. Batez ere, horretarako gai ginela ikusten genuelako eta entrenamenduak ondo ateratzen ari zitzaizkigula sentitzen genuelako. Osteguneko sailkapen estropadan esaterako, seigarrenak izan ginen, baina ez zen gure estropadarik onena izan. Urduri jarri ginen eta nahiko estropada kaskarra egin genuen, ez genuen arraunketan asmatu. Horregatik, uste genuen, gure lana eginez gero, emaitza txukuna lortu genezakela lehen jardunaldian.

Zuek oso gaztetatik Orioko Arraun Elkartean egin duzue arraunean. Nola sortu zitzaizuen aurtengo traineru denboraldian San Juango taldearekin aritzeko aukera?
San Juango arraun elkarteko presidente Xabier Arrarasek gure entrenatzaile Ibon Urbietari San Juango trainerua osatzeko laguntza eskatu zion. Urbietak proposamena egin zigun, eta nik neuk ez nuen zalantzarik izan, traineruan arraunean egiteak ilusio handia bainuen. Beste batzuk gehiago pentsatu zuten, baina azkenean Orioko zazpi arraunlari bildu ginen, eta San Juango trainerurekin entrenatzen jardun gara. Gure helburua etorkizunean Orioko traineruan aritzea da, baina esperientzia hartzeko aukera aparta dela uste dugu.

Esperientzia aberasgarria izaten ari da beraz.
Oso gustura eta eroso gaude San Juanen. Talde bikaina dugu eta entrenatzaileak oso jatorrak dira gainera. Horrez gain, kirol arloan aurrera pausu garrantzitsua emateko balio izan digula uste dugu. Orain arte, Orion egin izan duguna jubenil mailako prestaketa izan da, gure adin tartera egokitua, baina traineruan exigentzia askoz handiagoa da, eta entrenamendu saioak eta estropadak ere gogorragoak izaten dira, senior mailako lehian parte hartzen ari garela antzematen dugu.

Datorren igandean zer asmorekin aterako zarete uretara?
Gure helburua lan ona egin eta irabazlearengandik ahal den gertuena helmugaratzea izango da. Horrez gain, Hibaikaren aurretik ere sailkatu nahi dugu, Hibaika izan baita ETE ligako txapelduna, eta hiru estropadatan haiek baino denbora hobea egitea lortu dugu; beraz, igandean irabazi egin nahi diegu.

Orioko trainerua erreferente garrantzitsua al da zuentzat?
Ni oriotarra naiz eta beti egongo naiz Orioren alde. Guretzat benetan pozgarria izan da Kontxako Estroadan Oriorekin batera ohorezko txanda jokatzeko sailkatzea. Horregatik, igandean Orioko neskek bandera irabaztea eta guk ahal dugun emaitzarik onena lortzea espero dut.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!