Urrian abiatuko dituzte Zaharren Babeslekuak antolatzen dituen ohiko jarduerak

Pentsio duinen aldeko elkarretaratzeak egiten dituzte Orioko Herriko Plazan.

Urriaren 2an egingo dute lehen bingo saioa, eta urriaren 3an, pentsio duinen aldeko elkarretaratzea.

Irailarekin batera ikasturte berria abiatuko bada ere, Orioko Zaharren Babeslekutik jakinarazi dute, urrian emango dietela hasiera beren jarduerei. Izan ere, irailaren 9tik 17ra bidaia antolatu du Zaharren Babeslekuak herriko erretiratu eta pentsiodunentzat, eta aurten Portugalgo Algarve ingurua ezagutuko dute.

Ondorioz, urriaren 2an, asteazkenarekin, egingo dute ikasturteko lehen bingo saioa, kultur etxean. Ohiturari jarraituz, asteazkenero bilduko dira ikasturtean zehar, 16:30etik 18:30era.

Bestetik, pentsio duinen aldeko elkarretaratzeak egiten jarraitzeko asmoa ere du Zaharren Babeslekuak. Urriaren 3an, ostegunean, egingo dute lehena, 18:30ean Herriko Plazan. Aurreko ikasturtean bezala, ostegunero bilduko dira, eta 10 minutuko elkarretaratzea izango da. Herriko pentsiodunen eta erretiratuen elkarteko zuzendaritzatik gogorarazi dute, elkarretaratzea egiten duten bitartean elkarteko taberna itxita egongo dela.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!