KARKARAren 408. aldizkarian argitaratutako erreportajea

Duela 40 urteko lorpena gogoan

Karkara 2019ko ira. 2a, 13:00

Gaur, irailaren 2an, 40 urte bete dira Andoni Elizaldek, Dionisio Redondok, Jabier Puertasek eta Pello Olasagastik Esloveniako Bled hirian Espainiako Selekzioarekin Munduko Txapelketa irabazi zutela. KARKARAk 408. aldizkarirako elkartu ditu arraunlariak. 

Orio Arraunketa Elkartearen historiaren parte dira arraunlari beteranoak, eta arraun elkartean bildu ditu KARKARAk garai zaharrak gogoratzeko eta arraunak bizi izan duen garapenaz aritzeko.

Lau arraunlariek oraindik gogoan dute hasiera hartako arraun elkartea. "Toki Alai azpian txabola zahar bat zegoen eta han genuen arraun elkartea. Ez zegoen gimnasiorik, ezta gaur egungo instalazio modernorik ere. Ur hotzarekin dutxatzen ginen, entrenamenduen ondoren. Gero Dikera joan ginen, hango elkartea berriagoa zen, ur beroa bagenuen behintzat". Gogoan dute, elkartearen alboan txerriak akabatzen zituzten hiltegia zutela.

Orduko azpiegiturak egokienak ez baziren ere, arraunketa olinpikoan Espainia mailan punta-puntan zebilen orduan Orioko arraun elkartea. 1979an Espainiako Selekzioarekin Munduko Txapelketa irabazi zuen zortzikoan, esaterako, bost arraunlarik Orio Arraunketa Elkarteko fitxa zuten: Andoni Elizaldek, Jabier Puertasek, Dionisio Redondok, Pello Olasagastik eta Fernando Climent sevillarrak. "Garai hartan, ez zegoen arrauna ez zen beste kirol aukerarik herrian, eta kirola egin nahi zuten gazteak arraun elkartera etortzen
ziren. Arraunerako tradizio handia genuen herrian, eta entrenatzeko eta irabazteko gogo handia". 1977ko Munduko Txapelketan, esaterako, 23-25 urterekin, zilarrezko domina irabazi zuten, Erresuma Batuaren atzetik sailkatuta, eta urrea irabaztetik zazpi ehunenekotara geratu zen taldea. Handik bi urtetara berriz, 1979an, Munduko Txapelketan nagusi izan ziren oriotarrak, eta urrezko domina eskuratu zuten.

Gaur egun arraunerako azpiegitura eta material hobeak badaude ere, duela 40 urte baino herriko arraunlari gutxiago iristen dira nazioarteko goi mailako txapelketetara. Arraunlari beteranoen ustez arrazoia bakarra da: "Gaur egun tostako arraunketan jartzen dira indarrak herrian. Tostako arraunketak oihartzuna du komunikabideetan, eta telebistaz emititzen dituzte estropadak; horrek babesleak erakartzen ditu, eta diru pixka bat mugitzen da. Mugikorrean, berriz, bat ere ez". Traineru estropadarik ez balego, arraunlari horiek guztiek
arraunketa olinpikoan goi mailan lehiatuko lukete. 70. hamarkadan, berriz, bi arraunketa ereduak uztartzen zirela azaldu dute. "1974an eta 1975ean Kontxako Bandera
irabazi genuen; 1976an bigarren sailkatu ginen, eta 1977an arraunketa olinpikoko munduko txapelketa jokatzera joan ginen.

Donostiako Estropadak
Aurten denboraldi bikaina egiten ari dira Orio Arraunketa Elkarteko txalupa guztiak, eta arraunaz gozatzer ari dira, Elizalde, Puertas, Redondo eta Olasagasti, gainontzeko arraunzaleak bezala. "Oso ondo dabiltza aurten etxeko taldeak. Jende gaztea etorri da, eta bandera gosea dute. Banderarik irabazi gabeko arraunlari asko daude, eta hori
oso inportantea da, motibazioa sortzen baitu. Neskek ere denboraldi bikaina egin dute; pasa den urtean bigarren sailkatu ziren ia estropada guztietan, eta horrek zama handia eragiten du. Horregatik, benetan pozgarria da aurten bandera zaparrada irabazi dutela ikustea".

Asteburuan jokatuko da Donostiako Estropadako bigarren jardunaldia, eta arraunlari ohiek eta oriotar guztiek adi-adi jarraituko dute denboraldiko arraun hitzordurik garrantzitsuena. "Ez da erraza izango Kontxako Bandera irabaztea, talde guztiak sasoi betean baitira Kontxako estropadara. Zorteak ere zerikusia izan ohi du. Lehia estua izan ohi da, akatsik txikienarekin bandera galtzen baita".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!