Gaur izango dira Orioko Plazako obrei buruzko bilera irekiak

Karkara 2019ko ira. 3a, 11:30

Aste honetan hasiko dira Orioko Herriko Plaza berritzeko lanak. Udalak bi bilera antolatu ditu gaurko, obren inguruko informazioa herritarrei helarazteko eta zalantzak argitzeko. Lanak hasten direnean, aldaketak izango dira herriko errepideetan.

Datorren ostegunean, irailak 5, Orioko Herriko Plaza berritzeko lanak hasiko dira. Plaza oinezkoentzako bihurtzea eta egokitzea da asmoa, baita moilako errepidea birmoldatzea ere, bi noranzko izan ditzan. Udalaren aurreikuspenen arabera, bederatzi hilabetean amaituko dituzte obrak.

Beraz, alde batetik, Herriko Plazako, Aritzaga kaleko eta Txistulari kaleko lur azpiko instalazioak berritzeko asmoa du udalak. Hala, ur zikinak antolatu eta, oro har, saneamendu-lanak egingo dituzte inguru horretan. Bestetik, baina, Eusko Jaurlaritzako Portu zuzendaritzaren eskutik, moila zabaltzeko lanak egingo dituzte, errepideak bi noranzko izatea ipar.

Hiru fase

Ostegun honetan ekingo diete lanei, eta hiru fase bereiztu dituzte. Hiru hilabete iraungo du aurrenekoak. Denbora tarte horretan, Txistulari kaletik izango da herriko sarrera, eta irteera, aldiz, Diketik.2,40 metroko altuera baina gehiago duten ibilgailuen kasuan, Txanka-Hondartzako errepidetik irten beharko dute.

Udalak azaldu du "ahalegin guztia" egingo duela herritarrei ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko, eta ahal den guztietan saiatuko direla goiko irudian ageri diren bi norabideak irekita mantentzen. Dena den, obrek aurrera egin ahala, baliteke bideren bat itxi behar izatea. Kasu horietan, Txanka-Hondartzako bidea erabili beharko dute herritarrek.

Bilera irekiak, gaur

Gaurko, asteartea, bi bilera antolatu ditu udalak, oriotarrei obren berri emateko zein zalantzak argitzeko. Kultur etxean izango dira batzarrak, 16:00etan aurrenekoa, eta 19:00etan bestea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!