Eskola kirol koordinatzailea behar dute Zaraguetan

Karkara 2019ko ira. 3a, 14:30

Zaragueta Herri Eskolako ikasleen guraso elkarteak lan eskaintza bat argitaratu du: eskola kirol koordinatzailea behar dute.

Lan eskaintza bat argitaratu berri du Ubera Zaragueta Herri Eskolako ikasleen guraso elkarteak. Izan ere, eskola kirol koordinatzailea behar dute aurten, eta hautagaiak bilatzeari ekin diote dagoeneko. Uberako kideek jakinarazi dutenez, hainbat baldintza bete beharko dituzte lanpostua nahi dutenek. Alde batetik, beharrezkoa izango da euskaraz jakitea; nahiz eta "tituluren bat baino gehiago, erabilera maila ona izatea" lehenetsiko duten, "ahoz zein idatziz". Bestetik, autonomoa izatea ere eskatu dute, eta gogorarazi dute koordinatzaileak astearteetan zein larunbatetan egin beharko lukeela lan.

"Jendaurrean lan egiteko gai izatea" baloratuko dute Uberakoek, baita proiektuarekin bat egitea ere; hau da, "Zaragueta Herri Eskolaren komunitatearekin inplikazioa izatea, eta herri eskola publiko bateko kide izateaz jabetzea". Bestalde, curriculuma ere kontuan izango dute, lanpostuarekin lotutako kudeaketa lanak edota kirolaren inguruko ezagutza teknikoek garrantzia izan baitezakete. "Antzeko lanetan eskarmentua izatea" ere balioan jarriko dute, baita "haur, gazte eta gurasoekin lan egiteko gaitasuna" ere.

Epea zabalik

Dagoeneko ireki dute lan eskaintzara aurkezteko curriculumak bidaltzeko epea, eta interesa dutenek, irailaren 11ra arte izango dute aukera. E-mail bidez helarazi daitezke curriculumak; hain zuzen, gurasoak.zaragueta@gmail.com helbidera.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!