Xebas Larrañagaren margolan eta eskultura erakusketa izango da ikusgai kultur etxean, irailaren 10etik aurrera

Karkara 2019ko ira. 6a, 09:50

Datorren asteartean inauguratuko dute Xebas Larrañagaren erakusketa, eta astegunetan izango da zabalik, 17:00etik 20:00etara. Bere lanak Orion ikusteko aurreneko aukera izango da.

Formatu txikiko 20 bat eskultura eta 10 bat margolan izango dira ikusgai Xebas Larrañagaren erakusketan. Eskulturak zurez, harriz, brontzez eta buztinez egiten ditu artistakk; eta margolanak, berriz, olioz, akuarelaz nahiz arkatzez. Egin dituen lan gehienak figuratiboak dira, baina eginak ditu eskultura abstraktoak ere. Orion erakutsiko dituen lanen artean, besteak beste, Manuel Lasarteren koadro bat dago, baita Benito Lertxundiren irudiarekin egiten ari den buztinezko busto bat ere.

Datorren asteartean, irailak 10, inauguratuko dute erakusketa. Astegunetan izango da zabalik, arratsaldez, 17:00etik 20:00etara.

Erakusketa irekita dagoen bitartean, Larrañaga bertan izango da lanean, buztinezko eskulturaren bat edota margolanen bat lantzen.

Larrañaga, eskultore eta pintorea

Azkoitian jaio zen Larrañaga, 1962. urtean. Ezaguna da, bereziki, egin dituen zenbait eskultura ospetsugatik: Zierbenako arrantzaleen omenezkoa, Diego Garcia korrikalariaren omenezkoa, Jose Antonio Agirreren irudia, Atano III.arena, Amatasuna izenekoa, eta abar.

Modu autodidaktan ikasitakoa da, eta urte asko darama lanean. Hamaika erakusketa egin ditu Euskal Herri osoan, eta hau izango da bere lanak Orion ikusteko aurreneko aukera.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!