'Kareletik'

Karkara 2019ko ira. 6a, 15:30

Jose Luis San Sebastianek (Peña Petril) KARKARAren 408. zenbakirako idatzi duen arraun analisia.

Aurredenboraldiko jaitsierak eta trainerilen errendimendua ikusita, aurten ere arraun denboraldia ilusioarekin hasi dugu oriotarrok. Halere, gure hiru traineruek orain arte lortutako emaitzak gehienen  aurreikuspenak gainditu dituzte.

Orio B: KAE 2 ligako lehen postuan dago eta Castroko  traineruarekin igoera zuzena borrokatzen ari dira; oraingoz Elantxobe, Mutriku, Portugalete, Pasaia eta Hondarribiko banderak irabazi dituzte, eta denboraldi zoragarria egiten ari dira. Arraunlari batzuk, gainera, A ontzian estropada batzuk jokatu dituzte eta erakusten ari dira beraiekin ere kontatzea badagoela traineru nagusirako.

Orio Emakumeen Trainerua: Ibilbide luze eta gogor baten ondoren iritsi da Orioko nesken traineruaren urrezko urtea , aurre denboraldia ilusioarekin jarraitu dugu eta orain arteko denboraldia zoragarria egiten ari dira. Orioko estropada epikoa izan zen, eta taldearen heldutasuna eta konpromisoa bizi izan genituen, gure neskak beste garaipen eder bat lortzen ikusi genituen Orion, toletearen apurketaren madarikazioa gaindituz.Euskadiko txapeldunak dira eta Euskotren Liga matematikoki irabazia dute Zarauzko estropada aurretik eta ligako 10 bandera irabazita dituzte dagoeneko.

Orio A: Denboraldia hasi aurretik izandako baja kopurua kezkagarria izan zen, arraunlari batzuk utzi zuten eta arraunlari gehienak ukitu zituzten horretarako aurrekontu handiak erabiltzen dituzten taldeetatik. Halere, Jon Salsamendik lortu zuen talde eraberritu bat osatzea, eta neguko lan onaren ondorioz, aurre denboraldiak ilusioa piztu zuen zalegoan. Taldea basatia zela eta uda honetan dibertituko ginela agindu zuen Jonek eta,... hala da, ni dibertitzen, gozatzen, hunkitzen, pozten ari naiz estropadaro eta nire ingurukoak ere bai. 

Orain arte sei garaipen ligan, Gipuzkoako txapelketa, lidergoa ligan ,...TKE eratu zen urtetik (2003) liga onena izaten ari da.Urtero bezala ilusioarekin hartu genuen denboraldia eta, ilusioz eta konfiantzaz jarraitzen dugun denboraldia bihurtu da 2019koa.  Abuztuaren amaieran gaude, eta oriotarrok oraindik aurtengo denboraldiko momentu onenak bizitzeko gaudelakoan nago. Aupa Orio!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!