Boluntarioak behar ditu 'Do Re Ni' proiektuak, zahartze aktiboaren inguruko ikerketa egiteko

Karkara 2019ko ira. 6a, 11:30

Irailaren 10erako bilera ireki bat antolatu dute 'Do Re Ni'ko kideek, esku artean duten ikerketa azaltzeko. 200 boluntario behar dituzte, musikak zahartze aktiboan duen edo izan dezakeen eragina aztertzeko.

Musika ardatz duen proiektua da Do Re Ni. Xabier Lizaso ikertzaile eta piano-jotzaile oriotarrak jarri zuen martxan, eta musikaren bidez pertsonen "era guztietako gaitasunak" lantzea da helburua. Orain musikak zahartze aktiboan duen edo izan dezakeen eragina aztertzeko ikerketa bat dute esku artean, baina horretarako, 55 urtetik gorako 200 boluntarioren parte hartzea behar dute.

Hala, Do Re Niko kideek bilera ireki bat egin zuten Orion ekainean, azterketaren nondik norakoak azaltzeko. Bigarren batzar ireki bat egingo dute orain, oraindik boluntarioak behar baitituzte. Hala, irailaren 10ean, asteartea, jarri dute hitzordua, 18:30ean Salatxo aretoan.

Do Re Niko kideez gain, Orioko Udaleko eta Urola Kostako Udal Elkarteko zenbait ordezkari bertaratuko dira Salatxora; hala nola, Anuska Esnal Orioko alkatea eta Igor Iturain UKUEko burua. Osakidetzako Jose Manuel Lopez edota BCBLko Nicola Molinaro ere bertan izango dira.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!