Orioko plaza berrituko dute datozen hilabeteetan

Karkara 2019ko ira. 6a, 12:15

Plaza zabaltzea eta oinezkoentzako jartzea da udalaren asmoa; eta aldi berean, portua zabaltzeko lanak egingo ditu Eusko Jaurlaritzak. Ondorioz, aldaketak izango dira herriko sarrera-irteeretan.

Orioko Plaza oinezkoentzako jartzea eta moilako errepidea egokitzea, bi noranzko izan ditzan. Horiek dira herriko plazan eta inguruan hasiko dituzten lanen helburuak. Aurreikuspenen arabera, bederatzi hilabetean amaituko dituzte berritze eta egokitze lanak, baina egiteko dauden bi obrak uztartzeko moduaren araberakoa izango da denbora.

Bi obra, aldi berean

Orioko Udalak asteartean eman zuen lanen berri, herritarrei zuzendutako bilera irekian. Hala, azaldu zuten bi obra nagusi izango direla datozen hilabeteetan. Batetik, plaza berritzeko lanak hasiko ditu laster udalak; bestetik, baina, moila zabaltzeko lanak ere egingo dira. Dena den, Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzaren ardura da portuko obrak egitea, ez udalarena.

Plazako lanen bidez, oinezkoentzako eremua zabaltzea da asmoa. Horretarako, egun inguruan dauden aparkalekuak kendu eta autoen zirkulazioa kaira lekualdatzea da aurreikuspena. Horrek portuari eragiten dio, ordea; hala, egungo gaitasuna mantendu dezan,  Eusko Jaurlaritzak ebatzi du moila handitzea ere beharrezkoa dela bertako errepidea bi noranzkoa izateko; gainera, forma egokia emango diote.

Herriko plazako kioskoa mantendu egingo du udalak, baina aldaketekin. Jatorrian zuen forma berreskuratuko dute; laukizuzena izango da, eta zabalagoa. Pixka bat atzera mugituko dute, plazan lekua irabazteko.

Faseka egingo dituzte plazako lanak, aste honetatik aurrera. Aritzaga kalea izango da abiapuntua, eta bertan, lur azpiko instalazioak berritu, ur zikinak antolatu eta saneamendu lanak egingo dituzte. Hiru hilabete iraungo du aurreneko fase horrek, eta udalak adierazi duenez,  Eusko Jaurlaritzak moilako obrak abiatu ahal izateko, beharrezkoa da Aritzagako lanak bukatuta egotea, bestela, kamioiek ezingo dutelako gunera sartu. Hori dela eta, fase hori amaituta hasi beharko dute moila egokitzen. Hala ere, udalaren arabera, Jaurlaritzak oraindik ez du zehaztu noiz ekingo dien lanei, dagoeneko esleitu dituen arren. Plaza berritzeaz arduratuko den enpresa berak berregokituko du moila, Altuna eta Uria eta Viuda de Sainzek osatutako taldeak.

Aritzaga kaleko fasea bukatutakoan, Txistulari kalean lan berdinak egitea aurreikusi dute. Ez dakite, ordea, momentu hori iristen denerako Jaurlaritzak moilako obrak hasita izango dituen edo ez. Horrek baldintzatuko du bigarren fase modura Txistularin obrak egin ahalko dituzten, edo beste faseren bati heldu beharko dioten aurretik.

Eragina sarrera-irteeretan

Lanak amaitu bitartean, aldaketak izango dira autoentzako sarreretan eta irteeretan.  Hiru hilabete iraungo du Aritzagako faseak; denbora tarte horretan, Txistulari kaletik izango da herrirako sarrera; eta irteera, berriz, Diketik. 2,40 metroko altuera baino gehiago duten ibilgailuen kasuan, Txanka-Hondartzako errepidetik irten beharko dute. Obrek aurrera egin ahala, baliteke beste bideren bat itxi behar izatea. Kasu horietan, Txanka-Hondartzako bidea erabili beharko dute herritarrek.

Bestetik, udalak jakinarazi du aurtengo San Nikolas jaietan obra bete-betean izango dela plaza inguruan. Beraz, festetako ospakizun eta egitasmoak aurten nora lekualdatu daitezkeen aztertzen ari dira dagoeneko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!