Hasi dira Orioko plaza berritzeko obrak

Karkara 2019ko ira. 10a, 10:47

Plaza zabaltzeko eta oinezkoentzako jartzeko lanen aurreneko faseari ekin diote gaur. Oraindik ez dute zehaztu noiz hasiko diren portua zabaltzeko obrak.

Orioko Udalak iragan astean eman zuen plaza berritzeko lanen berri. Hala, azaldu zuten bi obra izango direla aldi berean: batetik, plaza zabaltzeko eta oinezkoentzako jartzeko obrak, eta bestetik, moila zabaltzeko eta bertako errepidea egokitzeko lanak. Udala arduratuko da plazako obrez, baina Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzaren ardura da portuko obrak egitea, ez udalarena.

Gaur, asteartea, plaza inguruko lanen aurreneko faseari ekin diote, Aritzaga kalean. Bertan lur azpiko instalazioak berritzea, ur zikinak antolatzea eta saneamendu lanak egitea izango da prozesuaren abiapuntua, eta hiru hilabete iraungo du fase horrek.

Jaurlaritzak portuko lanak abiatu ahal izateko, ezinbestekoa da Aritzagako fasea bukatuta egotea; izan ere, bestela, obretarako beharrezkoak diren kamioiek ezingo dute gunera sartu. Beraz, fase hori amaitzean hasiko dira moila egokitzen, nahiz eta oraindik ez duten zehaztu noiz.

Plazako lanei dagokienez, Aritzagan amaitzean, Txistulari kalean lan berdinak egitea da udalaren asmoa. Dena den, oraindik ez dakite une hori iristen denerako Jaurlaritzak portuko obrak hasita izango dituen edo ez. Horren arabera erabakiko du udalak bigarren fase modura Txistulariko lanak egingo dituzten edo lehendabizi beste faseren bati helduko dioten.

Aurreikuspenen arabera, aldaketak izango dira autoentzako sarreretan eta irteeretan. Hiru hilabete iraungo du Aritzagako faseak; denbora tarte horretan, Txistulari kaletik izango da herrirako sarrera; eta irteera, berriz, Diketik.

Erlazionatuak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!