"Polita izango da belaunaldi desberdinak oholtzan ikustea"

Karkara 2019ko ira. 12a, 14:30

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final zortzirenetan abestuko du Iñaki Gurrutxagak. Bolada bat lehiaketetan parte hartu gabe egin ostean, indarberrituta eta "zerbait eskaintzeko gogoz" dago bertsolari oriotarra. Hilaren 29an arituko da Elgoibarko saioan.

"Zer eman eta esan dezakegu guk garai honetan?". Aurtengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako motorrak berotzen hastean, galdera horiek izan ditu ipar Iñaki Gurrutxagak. Bolada bat egin du txapelketetan parte hartu gabe, eta "arnasa hartzeko" balio izan diola dio: "Inertziek bultzatuta aritu naiz azken urteetan". Orain, indarrak hartuta, itzalpetik taulako fokuen azpira irteteko garaia du berriz.

Aurreko txapelketan lehen 17 sailkatuen artean izan zenez, zuzenean sartu da final zortzirenetan, eta aspaldiko partez "animatuta eta gogoz" dagoela adierazi du; "zerbait eskaintzeko gogoz". Irailaren 29ko kanporaketa saioan abestuko du, Elgoibarren. Jokin Uranga, Unai Gaztelumendi, Ane Labaka, Endika Igarzabal eta Eñaut Martikorena arituko dira oriotarrarekin batera.

"Belaunaldi desberdinak oholtzan ikustea polita" izango dela nabarmendu du Gurrutxagak. Orain arte aurtengo txapelketako lehian murgildu ez bada ere, Errikotxia bertso eskolako Ibai Esoain zein Egoitz Eizagirrerekin aritu da txapelketarako prestatzen eta txapelketa "barrutik bizitzen", baita Unai Muñoa, Iñigo Izagirre eta Jokin Urangarekin ere. Elkarrekin entrenatu ostean, elkarrekin abestuko dute Gurrutxagak eta Uranga azpeitiarrak Elgoibarko saioan.

Txapelketaren inguruko informazio guztia ikusgai dago Bertsozale Elkarteak sortu duen webgune honetan. Saioetako sarrerak, berriz, bertsosarrerak.eus webgunean daude salgai.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!