Irudietan: TKEko koroa ekarri dute herrira Orioko gizonezkoek

Aritz Mutiozabal 2019ko ira. 15a, 21:54

Estreinakoz irabazi dute TKE liga, eta errezibimendua egin diote gaur arratsaldean herrian, hainbat ezusteko izan diren ekitaldi batean.

Ohi bezala, 19:00etan hastekoa zen errezibimendua, baina apurtxo bat berandutzen ari zen eta herritarrak urduritzen ari zirela zirudien. Arraunlariak erriotik zetozela zabaldu zen jada ahoz aho, eta lehorrean, haien zain, zaletuez gain, herriko txaranga giroa alaitzen. Halako batean, bapore handi bat sartu da moilara, eta ontziaren proan Orioko arraunlariak TKE ligako aurtengo garaile direla aitortzen dieten koroarekin. Hiru arraunlari gorago zeuden, larunbatean Bermeon erdietsitako bandera astintzen. Herritarrak, jada marea hori bilakatuta, txaloka eta oihuka hartu dituzte etxekoak.

Lehorreratu direnean, KAE 2ko garaile Orio B-rekin eta Euskotren ligako irabazle Orioko neskekin batera argazki erraldoia ateratzen ahalegindu dira, eta jarraian, kaleetatik itzulia emanda, plazara itzuli dira. Jon Salsamendi entrenatzailea izan da gaurkoan zeremonia-maisua, eta banan-banan dei egin die taldea osatzen duten arraunlariei.

Guztiak plazan elkarturik, ezustekoen txanda hasi da. Lehenik eta behin, Ibon Arrutik abesti bat kantatu du Joritz Etxeberriak teklatuarekin lagunduta. Gero, Agurra dantzatu diete bi dantzarik Orioko taldeari, Asier Gozategik trikitiarekin doinua jarriz, baina hori gutxi balitz, Salsamendi bera animatu da, eta herritarrei nahiz zaletuei dantzatu die Agurra.

Udaletxeko atarian talde osoaren argazkia argazkia atera dute, koroa preziatu ondo erakutsiz, eta udalbatzar aretora igo dira. Bertan, balkoitik Bermeon irabazitako bandera astindu ondoren, Andoni Campos eta Ibon Arruti arraunlariek bertso batzuk bota dituzte. Ekitaldia biribiltzeko, aurtengo denboraldian lortutako bandera guztiak –TKE, Euskotren eta KAE 2 ligetan– astindu dituzte udaletxeko balkoietatik, baita ataritik ere.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!