"Onenak eta azkarrenak izan gara, eta, hor, erregularrenak"

Karkara 2019ko ira. 17a, 10:30

Inoiz lortu gabeko lorpena ekarri dio klubari Jon Salsamendik: Eusko Label liga lehen aldiz irabaztea, hasi eta buka lehen postuan ibili eta gero. Bertan segitzekoa dela esan du, "zuzendaritza berriak nahi badu". Hona hemen Aitor Manterolak 'Berria' egunkarirako Salsamendiri egindako elkarrizketa.

Ez zen geldirik egoteko jaio orain Orion miresmen handienetakoa duen pertsona: Jon Salsamendi (Orio, Gipuzkoa, 1970). Larunbatean taldearentzat lehen aldiz Eusko Label liga irabazi eta gero, aurreskua dantzatu zuen ongietorrian herenegun. Taldearen lana aldarrikatu nahi izan du, balioa eman uda «bikainari».

Ligaren erdialdera bota zenuen: "Hau ez du irabazten erregularrenak, onenak baizik".

Jakinekoa da. Erregularra esatea ondo dago, baina aurretik aipatu edo zehaztu behar da goi mailan erregularrena izan behar dela. Estropada guztietan azkena dena ere erregularra da, baina ez du liga sekula irabaziko. Esan nuenean honegatik esan nuen: inork baino bandera gehiago geneuzkan irabazita orduan, baina gure lanari buruz entzuten nuen definizio bakarra zen erregularrenak ginela. Inork ez zuen esaten onenak, azkarrenak eta indartsuenak ginela eta, gainera, erregularrak.

Zer esan nahi du Oriorentzat lehen aldiz liga irabazteak?

Lorpen izugarria da, hamazazpi urte behar izan ditugulako irabazteko. Tarte horretan, Kontxa bi aldiz irabazi dugu, baina ligarik ez, eta jaitsiera bat ere sufritu genuen. Bost taldek bakarrik zuten liga irabazita orain arte: Astillerok, Urdaibaik, Kaikuk, Castrok eta Hondarribiak. Gu gara seigarrenak, eta horrek azaltzen du zein zaila den, ligan egin dugun gauzarik nabarmenenena urte hauetan maila galtzea izan zelako 2011n. Datu horiei helduta, Oriorentzat izan da bereziki zaila liga irabaztea. Bada hor beste aldagai bat ere, oso kontuan hartzekoa: Oriok historikoki ez du oso barneratuta eduki ligak irabazteko kontzeptua, pixkanaka barneratzen ari bada ere. Gurea izan da banderak irabaztea, eta erakargarriagoa izan da historikoki sei bandera ekarri eta sei aldiz azkena geratzea, hamabi alditan bigarren izan baino. Adibide arrunta da, baina ondo erakusten du ez diogula garrantzirik eman liga bat irabazteari, eta ez bazaio ematen, estrategikoki ez duzu ondo antolatzen denboraldia.

Irakurri elkarrizketa osorik Berria egunkarian

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!