Dena prest dute II. Euskal Pentatloi Txapelketaren finalerako

Karkara 2019ko ira. 17a, 13:43
Finalistak, Azpeitiko zezen plazan. Ezkerretik eskubira: Otaegi, Mugertza, Arria V, Txapartegi eta Aizperro. Zaldua ez da izan gaurko agerraldian. (Maialen Etxaniz)

Pentatloiaren finala 22:00etan hasiko da, eta 21:00etan irekiko dituzte Azpeitiko zezen plazako ateak. Sarrerak salgai daude Orioko Kutixi kafetegian, 20 euroan. Joxean Olaskoaga 'Aizperro' izango da Pentatloiaren final handian, eta Joseba Otaegi, 'Arria V.'a, Zaldua, Txapartegi eta Mugertzarekin neurtuko ditu indarrak.

Ate joka dago II. Euskal Pentatloi Txapelketaren finala. Datorren zapatuan, irailak 21, jokatuko dute iaz berreskuratutako herri kirol jaialdiaren finala Azpeitiko zezen plazan, 22:00etan hasita, eta dena prest dago hitzordu handirako. Irailaren 7an, larunbatez, izan zen II. Pentatloiaren finalaurrekoa, eta orduko hartan finalerako txartela eskuratu zuten sei kirolariak izango dira nor baino nor datorren larunbateko ikuskizunean. Hain zuzen, Joxean Olaskoaga Aizperro oriotarrak, Xabier Orbegozo Arria V.a errezildarrak, Joseba Otaegi zizurkildarrak, Aratz Mugertza mutrikuarrak, Xabier Zaldua –iazko txapelduna– zumarragarrak eta Luis Txapartegi aizarnarrak jokatuko dute II. Euskal Pentatloi Txapelketaren finala. 

Gaur, asteartea, agerraldia egin dute Pentatloi Txapelketaren antolatzaileek, koordinatzaileek, Gipuzkoako Herri Kirolen Federazioko ordezkariek, Azpeitiko Udalekoek eta finalean izango diren kirolariek Azpeitiko zezen plazan bertan, hitzorduaren inguruko xehetasun guztiak azaltzeko. Zalduak ezin izan du gaurko agerraldian egon. Pentatloiaren finalaren egunean, 21:00etan irekiko dituzte zezen plazako ateak, eta 22:00etan hasiko da herri kirol jaialdi handia. Finalaurrekoan egin bezala, kirolariek bost proba egin beharko dituzte hilaren 21eko finalean. Aurrenik, 100 kiloko harriari hogeita bost jasoaldi egin beharko dizkiote. Ondoren, 400 kiloko harriarekin bi plaza osatu beharko dituzte. Aizkoran jardun beharko dute jarraian, eta kirolari bakoitzak hiru kanaerdiko ebaki beharko ditu. Txingen txanda izango da gero, eta finalistek 50 kiloko bi txingarekin sei plaza egin beharko dituzte. Finala borobiltzeko, lasterka egin beharko dute parte-hartzaileek, eta korrika hiru kilometro osatu beharko dituzte. Hau da, zezen plazari 30 bira eman beharko dizkiote. Proba horiek guztiak azkarren bukatzen dituenak eramango ditu etxera II. Euskal Pentatloiaren txapeldunaren aizkora eta txapela.

Pentatloiaren finala herri kirolen “festa handia” izatea nahi dute probaren antolatzaileek. Gainera, aurreratu dute eguraldiaren iragarpenen arabera, kirolariek eguraldia lagun izango dutela zapatuko finalean. Euria egitekotan, proba guztiak euritan egingo dituztela azaldu dute, aizkora salbu. Kasu horretan, karpa batzuk muntatuko dituztela jakinarazi dute, egurra busti ez dadin. Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete Azpeitiko Udalari, erakutsitako prestutasunagatik eta emandako laguntzagatik. Agustin Lizarralde zinegotziak, bere aldetik, herri kirolak sustatzen jarraitzeko prestutasuna agertu du, eta horren harira esan du Udalak bere baliabideak denen eskutan jartzen jarraituko duela. Era berean, Azpeitia betitik herri kirolei estu lotuta egon dela gogoratu du Lizarraldek, eta oraingoan ere herritarrek pentatloiaren finala “gogoz” hartuko dutela esan du: “Azpeitia pentatloi txapelketaren finalaren zain dago”. 

Sarrerak, aurrez salgai

Finalerako egun gutxiren faltan, dagoeneko salgai jarri dituzte herri kirol jaialdirako sarrerak. Orion, Kutixi okindegian jarri dituzte txartelak eskuragarri, 20 euroan. Bertan ez ezik, Ibarrako Errotatxo kafetegian eta Azpeitiko Mendizabal erretegian ere jarri dituzte salgai, prezio berean. Egunean bertan ere irekiko dute Azpeitiko zezen plazako leihatila, sarrerak eskuratu nahi dituztenentzat. Txarteldegia 20:30ean irekiko dute. 

28 urte eta gero, iaz berreskuratu zuten Euskal Pentatloi Txapelketa. Orduko hartan ere Azpeitiko zezen plazan jokatu zen jaialdia, eta jendetza bertaratu zen ikuskizunaz gozatzera. Xabier Zalduak jantzi duen txapela. Hona hemen, iazko pentatloiko argazkiak. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!