Zaragueta eskolako ikasle eta irakasleak udaletxean izan dira, mugikortasuna hobetzeko neurriak eskatzen

Karkara 2019ko ira. 18a, 13:19

Zaragueta eskolan mugikortasun jasangarriaren astea egiten ari dira, urtero bezala, eta, horren barruan, udaletxera jo dute gaur, irailak 18, beren gogoetak eta eskaerak alkateari planteatzera.

 

Zaragueta eskolan mugikortasun jasangarriaren astea egiten ari dira, urtero bezala, eta, horren barruan, udaletxera jo dute gaur, irailak 18, beren gogoetak eta eskaerak alkateari planteatzera. Anuska Esnal alkatea berekin bildu da udaletxearen atarian eta haien eskutik jaso du proposamena, aztertu eta kontuan hartzeko konpromisoa hartuz.

Mugikortasun jasangarriaren bidean

Gero eta gehiago dira eskolarako joan-etorria bizikletaz, patinetez edo oinez egiten duten ikasle eta irakasleak. Batetik, garraioak ingurumenean daukan inpaktuaz jabetzen direlako eta, bestetik, jarduera fisikoak onurak dakartzalako. Horrela, Zaragueta eskolako kideek beren inplikazio eta sentsibilizazioaren berri eman nahi izan diote Udalari eta, horrekin batera, sei eskari-proposamen egin dizkiote, mugikortasun jasangarria hobetzeko: Hasteko herriko bidegorri-sarea eskolaraino luzatzea eskatu dute, hori egin bitartean, eskolara bideko errepideko seinaleak eta asfaltoa hobetzeko proposamena egin dute. Ondoren, Udalak bere ekimenen artean ibilgailurik gabeko eguna antolatzea proposatu dute. Laugarren eskaria, BMX moduko pump-track estiloko bizikleta zirkuitu bat sortzea izan da. Horrez gain, bizikleten alokairu publikoa sustatzea. Eta, azkenik, bizikletentzako aparkaleku estali gehiago jartzea ere eskatu dut, udaletxean, hondartzan eta ikastetxean.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!