Baloiak eskuan, Orion eragiteko prest

Dorleta Agiriano Lai 2019ko ira. 19a, 12:30

Maiatzean aurkeztu zuten Orioko eskubaloi elkarte berria: Eragin. Datorren denboraldian ehun neska inguru arituko dira kamiseta horia soinean. Klubeko helduenek, jubenilek, larunbatean hasiko dute sasoia.

Bost talde, ehun jokalari inguru, eta zenbakitan nekez zenbatu daitekeen gogoa. Hori guztia abiapuntu eta oinarri hartuta, bide berria urratzeari ekin diote Eragin eskubaloi klubekoek. Elkartearen sortzaileek maiatzean eman zuten elkartearen sorreraren berri, eta ordutik, dagoeneko parez pare duten denboraldirako motorrak berotzen aritu dira. Hala nola, Lehen Hezkuntzako 2. mailatik 6. mailara bitarteko neskentzako eskubaloi udalekuak egin zituzten ekainean, Karela Torneoa antolatu zuten abuzturako, eta denboraldi-aurrean ere murgildu ziren hilabete berean. Irailean sartuta, klubeko jokalari zaharrenek, jubenilek, larunbatean jokatuko dute aurreneko norgehiagoka, Karelan. Hala, ibilbide berri honen aurreneko geltokira iristear da Eragin.
Aurreko denboraldian, Orioko Herri Ikastolak eta Zarautz Kirol Elkarteak adostutako hitzarmena oinarri, Orioko 70-80 neska aritu ziren eskubaloian, Zarauzko hainbat taldetan banatuta. Parte hartzea "handia" zela iritzita, "erronkari" heltzea erabaki zuten hainbat pertsonak. "Egoera ikusita, hausnartu egin genuen. Otsaila inguruan, ebatzi genuen agian iritsi zela unea neska horiei beren herrian jokatzeko aukera emateko, klub bat sortuta", azaldu du Idoia Larrañaga Eragin elkarteko kideak.

"Jokalarien gurasoen zein herritarren laguntza ezinbestekoa" izango zela aintzat hartuta, Zarauzko klubarekin harremanetan jarri eta aurrera egin zuten, Eragin sortzeko aurreneko pausoak emateraino. "Aitzindariak gara herrian, eta itzal handiko erronka dugu esku artean, baina gogotsu gaude", dio Larrañagak.

"Beharrak bultzatu gaitu jauzi egitera. Eskubaloian jokatu nahi duten neskak daude Orion, eta behar horri erantzun diogu", adierazi du. "Pertsona guztiek izan behar dute gustuko duten kirola zein den erabakitzeko aukera, eta gero eta zabalagoa izan aukera sorta, hobeto".

Ehun neska protagonista

Eraginek izango du berezitasun bat: soilik neskez osatutako kluba da, momentuz, behintzat. Ezaugarri hori duen Gipuzkoako eskubaloiko klub bakarra da. Eskola kiroleko ikasleak, kimuak, infantilak, kadeteak zein jubenilak arituko dira Orion denboraldi honetan, eta guztira, bost talde lehiatuko dira beren kategorietan. Aurten jubenilen mailan ariko diren jokalariak dira elkarteko helduenak; hain zuzen, orain arte Zarauzko klubarekin aritu direnak. Eraginen izenean aurrenekoz jokatuko dutenez, Gipuzkoa mailako ligan hasiko dira. "Belaunaldi gazteagoentzat bultzada izan dira jokalari horiek. Txikienek ikusi egin dituzte Orion entrenatzen eta jokatzen, eta eredu bihurtu dira azkenean". Hala, pixkanaka gora egin du Lehen Hezkuntzan eskubaloian hastera animatu diren nesken kopuruak, aiarrak barne.

Orain arte, Zarauzko bost taldetan bereizita jokatu dute Orioko jubenilen taldeko hamabost gazteek, lehen herrian batera aritzen baziren ere. Tartean da Alaine Garro. "Gogo handia dugu berriro elkarrekin jokatzeko", azaldu du. "Gogor egin dugu lan denboraldia prestatzeko, garrantzia handia eman diogu talde kohesioa lantzeari. Talde beraren parte direla ikusi eta sentitu behar dute berriz", dio Larrañaga entrenatzaileak. 

Zerumuga ezezaguna

"Denboraldi honetarako helburua da, ahal bada, inork eskubaloian jokatzeari ez uztea; kirol honetan beren ibilbideari ekin dioten ehun jokalariek eskubaloian jarraitzea. Hori lortzen badugu, gauzak ondo egiten ari garenaren seinale", adierazi du Larrañagak. Gauzak egiteko modu horrek ezinbestean barnebilduko ditu parte hartzea eta gozamena: "Neskek jokatzea, ondo pasatzea, kirola egitea eta lan egitea nahi dugu. Ondoren emaitzak etortzen badira, primeran. Baina lan gogorraren eta motibazioaren ondorio izaten dira emaitzak", gehitu du Eragingo kideak. Gainera, azpimarratu du "bereziki zaila" izaten dela 16-17 urtetik aurrerako neskek kirola egiten jarraitzea, eta erronka horri aurre egiteko prest agertu da kluba, jokalariekin "balore batzuk" landuz. Larrañagaren arabera, "ikasi behar dute ez daudela bakarrik, eskubaloia talde kirola dela, eta taldean lan egin behar dutela. Adiskide modura ikusi behar dituzte aldamenean dituzten taldekideak. Pixkanaka, konpromisoak hartzeko gaitasuna eta diziplina garatu behar dituzte".

"Ez dakigu nolakoa izango den Eraginen ibilbidea, ez dakigu noraino helduko garen. Momentuz hau da errealitatea, bidea hasi dugu, eta ikusiko dugu nora eramaten gaituen. Lau urte badira, hala izan dadila, eta luzeago jotzen badu, ongietorria izan dadila", adierazi du Larrañagak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!