Orioko udalbatzarrak bideoan zuzenean ikusi ahal izango dira hemendik aurrera

Karkara 2019ko ira. 23a, 15:19

Orioko Udalak erabaki du aurrerantzean bideoan grabatuko dituela udalbatzarrak, interesa dutenek etxetik ikusteko aukera izan dezaten, zuzenean, streaming bidez; ala ondoren, Udalaren webgunean.

Orioko Udala harremanetan jarri da Urolako Komunikazio Taldea kooperatibarekin eta haren esku geratuko dira alderdi teknikoak: Erlo telebistako teknikariak etorriko dira udalbatzarrak grabatzera eta zuzenean emango dituzte, streaming jario baten bidez.

Etxean Erlo telebista sintonizatzen dutenek bertan ikusi ahal izango dute, eta, aukera hori ez dutenek, berriz, Udalaren webgunean (orio.eus) edo Karkara aldizkariarenean (karkara.eus) izango dute aukera.

Lehen saioa, ostegunean
Ostegun honetan izango da iraileko ohiko udalbatzarra eta hori izango da zuzenean emango den aurrenekoa. Karkara.eus webguneak zuzenean emango du eta, Udalaren webgunean egin behar diren egokitzapen teknikoak egiteko denbora ematen badu, bertan ere ikusi ahal izango da. Oraingorako denbora ematen ez badu, urriko udalbatzarretik aurrera ikusi ahal izango dira bilkuretako bideoak zuzenean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!