Euskadiko arraun surf zirkuituko finala jokatuko da Orion

Karkara 2019ko ira. 25a, 16:00

Urriaren 5ean izango da finala, larunbatarekin, eta Euskadiko surflari onenak bilduko ditu. Lasterketarekin batera, kultur eta kirol jarduera sorta ere antolatu dute.

Urriaren 5an, Euskadiko SUP Race zirkuituko finala jokatuko da Orion, surfa eta arrauna uztartuz. Gainera, horren bueltan hainbat kultur eta kirol ekintza ere antolatu ditu Gipuzkoako Surf Federazioak, Orioko Udalaren laguntzarekin. Asteartean aurkeztu zuten ekimena Orioko Arraunetxen, eta GSFko lehendakari Maialen Saezek eskerrak eman zizkion Orioko Udalari herrian egin dieten harrerarengatik. "Arrauntxerekin hitzarmena dugu eta horri esker bertan entrenatzen dute Gipuzkoako selekzioko surflariek. Gainera, Orioko Udalak Euskadiko SUP Race lasterketako finala inguru paregabean egiteko erraztasunak ematen dizkigu beti, eta eskerrak eman nahi dizkiogu".  

Orioko alkate Anuska Esnalek aitortu du, Orioko Udalarentzat plazerra dela mota horretako festa baten kokaleku izatea. "Alde batetik, Oriok eta Oria ibaiak dituzten bertuteen erakusleiho bihurtuko delako ekimena, eta bestalde, Orioko Udalarentzat oso garrantzitsuak diren integrazioa, kultura eta berdintasuna moduko balioak lantzen dituen jaia delako. Horregatik, festan parte hartzera eta Oria ibaiaren ertzak eskaintzen dizkigun natura eta txoko politez gozatzera animatu nahi ditugu herritarrak".

Kulturarentzat tartea
Euskadiko SUP Race finala 12:30ean izango da, eta Arraunetxeren eta autobideko zubira arteko ibilbidea osatuko dute parte hartzaileek; gutxi gora-behera bi orduko lasterketa izatea aurreikusten dute antolatzaileek. 

Lasterketaz gain, beste hainbat kirol eta kultur ekintzaz gozatzeko aukera ere izango da Orion. Jardunaldia, Emakueak Surflari SUP ekimenarekin eta Oria ibaiko hondakin bilketarekin abiatuko dute.  Horrez gain, Axi Muniainen, Gaitusporten eta Berdin Berdinak elkartearen eskutik arraun surf saio inklusiboa ere izango da. Iaz arrakasta izan zuen ekimenak, eta 40 lagun inguruk parte hartu zuten. Gainera, FederArte Surfing Kultura jaialdia saritua izan zen, bertan egindako inklusio lanagatik. 

Bestalde, eguerdi partean ez da faltako FederArte azoka. Hamar postu baino gehiago jarriko dituzte plazan, eta surfaren kultura eta euskal kultura uztartuko dituzte bertan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!