PAPEREKOA

Aurtengoa bai epikoa

Intza Unanue Arruabarrena 2019ko ira. 30a, 15:30

2010ean atera zuten lehen aldiz emakumezkoen trainerua uretara. Hamar urte pasa dira, 232 estropada jokatu dira, eta sei aldiz sailkatu dira Kontxako Estropadan. Historia era historikoan iraulita, palmareseko aurreneko Euskotren Liga eta Kontxako Bandera, biak, etxean dira.

Urtetebetez zain egon ondoren, iritsi zen halako batean, arraun-zaleentzat    arraunlarientzat bezain preziatua den Kontxako Estropada. Irailak 1, lehenengo igandea. Goizeko 8:00ak aldera herritarrak kalean, denak horiz jantzita. Haur, gazte zein heldu. Kontxako badiara iritsi eta ez zen beste kolorerik bistan. Horia.

Denboraldi osoan barruan gordetako "trapu handia" lortzeko grina atera zen iraileko lehenengoan. Txiki trainerua uretara sartzearekin batera entzun ziren lehen garrasiak. 

Estropada hasi eta buruan jarri ziren neskak hasieratik, eta aldea handitzen joan ziren, in crescendo, zaletuen garrasiak aldearekin batera, ozenago.  Ziaboga eman eta itzultzea zailagoa izan zela aitortu du Itxaso Azkonobieta arraunlariak. Hala ere, "itzuleran hortzak estutu eta aurrea hartzea lortu" zuten Xanti Zabaletaren neskek. 

Konturatzerako, estropada hasi, eta bukatu. 10:43.34ko denborarekin gailendu ziren, sei segundoko aldea irabazita amaitu zuten lehen jardunaldia, garaipen zantzuekin. Zaletuek arraunlariekin batera arranplan ospatu zuten hainbeste urtez zain egon eta gero eskuratutako lehen jardunaldiko garaipena. Ez zen tartean nahikoa denbora, emakumezkoen trainerua txalotu eta eskaileretan gora berriz ere korrika igo ziren zaletuak, gizonezkoen txanda hastear. Denbora onena egin zuten Jon Salsamediren mutilek beren txandan. Hala ere, Santurtziko arraunlari baten palak patroiarena ukitu zuela salatu zuten. "Estropadaren lehen zatian gainontzeko traineruekiko aldea ateratzea" falta izan zitzaiela aitortu du Martxel Aldai arraunlariak, eta gaineratu du, bueltan, berriz, Santurtzikoekin izandako pala talkak Mirotza traineruko arraunlariak "pixka bat nahasi" zituela dio.

Bigarren txandan, ordea, aurrea hartu zuen Hondarribiak. Azkenean, bost segundoko aldearekin irabazi zion Oriori.

Iñaki Arostegi Orio Arraunketa Elkarteko presidentea gustura geratu zen neskek egindako lanarekin, "garaipen garrantzitsua" lortu zutela dio. Bigarren igandean estropada ona egiteko gogoz joan ziren etxera. Mutilen kasuan, garaipena lortu nahi zuten, baina lehen txandan izandako tirabirek traineruari ez ziotela lagundu adierazi du. Hala ere, "estropada oso ona" izan zen Arostegiren esanetan.

Bigarren igandeko urduritasuna

Lehen jardunaldiak zaletuen eztarriak hartuta utzi bazituen ere, bigarren igandea ez zen atzean gelditu. Alde batetik, Txikik aurreneko estropadan irabazitako sei segundoek lasaitasuna ematen zuten. Mirotzak galdutako bost segundoekin, ordea, nerbioak akabatu beharrean  jarri zituen oriotarrak.

Emakumezkoen trainerua estropadari hasiera ematearekin batera jarri zen buruan, aurkariei ontzi bateko errenta aterata, eta aldea handitzea lortu zuten, estropada aurrera joan zen heinean. Historian lehen aldiz Kontxako Bandera irabaziz. Nadeth Agirre arraunlariaren esanetan, "gozatu" egin zuten arraunean. Hala ere, azpimarratu du, aurtengo garaipena "hamar urtetan egindako lanaren emaitza" izan dela.

Estropada amaitu eta bandera jaso zutenean, inoizko harrera beroena egin zieten oriotarrek traineruari. Malko artean bat egin zuten arraunlarien eta zaletuen pozak, arranplan.

Gizonezkoen estropadan, berriz, pisu handiegia izan zuten lehenengo igandeko segundoek. Zirrararik ez zen falta izan, ordea. Lehia estua izan zen Hondarribia eta Orioren artekoa. Brankaz lau segundo aurretik ere jarri ziren Salsamendiren mutilak, baina poparean Hondarribiak aurre hartu, eta lortutako errenta txikiari eutsi zioten azken unera arte. Gorka Aranberri patroiak azaldu duenez, "bueltako luzea oso gogorra" egin zitzaien. Bandera irabazteko aukera bizirik zegoela adierazi du. "Hala ere egindako lanaz harro egon behar dugu".

Bigarren sailkatuta ere, arranplan zain ziren zaletuak. Txalo zaparrada bero batekin Benito Lertxundiren Mirotzak kantua abestuz, datorren urter arte agurtu zuten Kontxako Bandera Estropada.  

Adierazpenak Kontxan

Itziar Olasagasti, arraunlaria: "Txiki-k merezi zuen bere izena soinean eramango zuen garaipen handi bat. Istorio honen parte izatea sekulakoa izan da. Igandeko estropada ametsik gozoenean ere ez genuen amestuko".

Xanti Zabaleta, emakumezkoen traineruko entrenatzailea: "Oso harro nago talde honetaz, oso langileak dira eta aurten lan itzela egin dute. Eta ezin da ahaztu herriaren babesa ere, asko estimatzen dugu. Guk asko eman dugu urte osoan, baina jaso duguna ere handia izan da".

Iñaki Arostegi, OAEko idazkaria: "Egun zoragarria izan zen Kontxako bigarren igandea, historikoa. 2019a betirako Orioren historian geratuko da".

Eder Etxeberria, arraunlari ohia: "Azken urteetan galdua zegoen zaletasuna. Aurten, bi taldeek egin duten lanari eta lortutako emaitzei esker, nolabait, berpiztu egin dute afizioa".

Jon Salsamendi, gizonezkoen traineruko entrenatzailea: "Politenak ez gara bakarka, baina hainbeste limurtu baditugu banderak, talde barruko giroagatik eta batasunagatik izan da. Bakoitzak bere izaerarekin asko eman dio taldeari".

Ibon Gaztañazpi, arraun aditua: "Oraindik guri burura Manuel Olaizola, Domingo Mitxelena eta halakoak etortzen zaizkigun bezala, historiarako geratuko da aurtengo emakumeen trainerua".

Igon Lertxundi, OAEko lehendakaria 2006tik 2009ra:  "Nesken urtea ikusita, ikusia zegoen irabaztea tokatzen zitzaiela. Eta mutilekin ere esperantza handia genuen. Hala ere, aurtengo urtea izugarria izan da".

Zigor Gazpio, OAEko kidea: "Urte zoragarria izan da eta baloratu egin behar dugu. Gaur egungo arraun munduan oso zaila da Oriok lortu duena lortzea. Oso gustura gaude".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!