PAPEREKOA

“Ugal-zikloa osasuntsu egotearen sintoma dela ulertarazi nahi dugu”

Aiora Larrañaga 2019ko urr. 1a, 12:30

Azken hamarkadetan, erabili eta botatzen diren tanpoiak eta konpresak zabaldu dira emakumeen artean. Produktu horiek jasangarriak ez izateaz gain, ingurumenarentzat eta osasunarentzat kaltegarriak izan daitezkeen osagaiak dituzte. Horren aurrean konpresa berrerabilgarriak eta ekologikoak sortu ditu Sara Garcia-Cañedok.

Sara Garcia-Cañedo
Ilen proiektuaren sortzailea

Sara Garcia-Cañedo eta Janire Mañesel Ilen proiektua abiatu zuten duela lau urte, eta egun bi ardatz nagusi ditu ekimenak. Alde batetik, oihalezko konpresa berrerabilgarriak eta ekologikoak egiten ditu Aiako Andatza auzoan duen tailerrean. Eta bestetik, hilekoaren kultura sustatzea eta emakumearen gorputzaren inguruan gizarteak inposatutako sineskerekin haustea ere badu helburu.

Konpresa berrerabilgarriak eta ekologikoak dira Ilen proiektuaren ardatzetako bat. Zer berezitasun dute?

Supermerkatuan eros ditzakegun ohiko konpresen forma dute, baina oihalezkoak dira. Arreta berezia jartzen dugu konpresak egiteko erabiltzen dugun materialetan, horretarako, zertifikatu ekologikoa duten eta bidezko merkataritzaren bidez salerosten diren oihalak erabiltzen ditugu. Konpresak egiteko, kotoizko bi oihalen artean Pul izeneko oihal iragazgaitz bat eta kotoizko xurgatzaile bat jartzen ditugu, eta horrela, xurgatze maila desberdinetako konpresak lortzen ditugu. Izan ere, emakumeen beharretara egoitzen den produktua sortzea oso garrantzitsua da guretzat. Horregatik, lodiera eta tamaina desberdinetako konpresak eskaintzen ditugu.

Erabilitakoan zakarrontzira botatzen diren konpresak zabalduak daude gizartean. Zer egin behar da konpresa berrerabilgarri bat erabilitakoan?

Behin erabilitakoan, konpresa zakarrontzira bota beharrean, ur hotzetan beratzen utzi behar da, odola ur beroarekin oihalean sartzen baita. Konpresak ur hotzetan ordu pare bat pasatzen dituenean, odola oihaletik askatzen da eta ontziaren oinarrian geratzen da. Komenigarria izaten da, noizean behin, ur hotzari ur oxigenatu edo esentzia-olio pixka bat botatzea ere.

Ondoren, konpresak garbigailuan edo eskuz garbitu daitezke, bakoitzak nahi duen bezala, baina lixiba edo xaboi gogorrak ez erabiltzen saiatu behar dugu, konpresa ekologiko eta berrerabilgarrien helburuetako bat toxikoak gure azalarekin kontaktuan egotea ekiditea baita.

Ohiko konpresak kaltegarriak izan al daitezke emakumeentzat?

Ohiko konpresek osasunarentzat toxikoak izan daitezkeen produktuak eta zuritzaileak dituzte.

Emakume batzuk produktu horiek onartzen dituzte, baina badira konpresak erabiltzen dituztenean azkura handia izaten duten emakumeak ere. Beraz, konpresa ekologikoak eta berrerabilgarriak aukera aproposa dira emakume horientzat.

Nola sortu zitzaizun mota horretako proiektu bat abiatzeko aukera?

Bi emakumek abiatu genuen proiektua duela lau urte. Landa eremuan proiektu kolektiboak sustatzeko topaketa batean ezagutu genuen elkar, eta osasuna, ingurumenarekiko errespetua eta emakumeen ahalduntzea uztartzen dituen proiektua abiatzea erabaki genuen. Hasieran, guretzat eta ingurukoentzat konpresak egiten hasi ginen, eta ekimenak arrakasta zuela ikusita, urratsa aurrera ematera animatu ginen. Ni Aian nago, eta nire kidea Asturiasko herri txiki batean.

Konpresa berrerabilgarri hauek sortzeko, ereduren batean oinarritu al zarete?

Konpresa mota hauek asko erabiltzen dituzte Latinoamerikan. Horrez gain, Espainiako Estatuan ere badira honelako konpresak ekoizten dituzten beste hainbat enpresa txiki.

Gaur egun nolakoa da zuen produkzio sistema?

Gure ekoizpena txikia da, eta geuk egiten dugu prozesu guztia: materialak aukeratu, oihalak moztu, muntatu eta josi, baita administrazio, marketin eta salmenta lana ere. Andatza auzoan bizi naiz eta etxean bertan dut tailerra.

Konpresa berrerabilgarri eta ekologikoak eskaintzeaz gainera, hilekoaren kultura gizarteratzea ere badu helburu Ilen proiektuak.

Bai, emakumeon gorputzaren inguruan hainbat sineskera inposatu dizkigute, eta garrantzitsua iruditzen zaigu autoezagutzaren bidez horiek gainditzea. Gure helburua, emakumeok pertsona ziklikoak garela ezagutaraztea eta gaiaz kontzientziatzea da. Hilekoaren zikloa edo ugal-zikloa osasuntsu egotearen sintoma dela ulertarazi nahi dugu, eta ez bizimodua zailtzen digun oztopoa. Horren aurrean, patriarkatuak arautzen duen sistema lineal batera egokitu beharrean, emakumeon bizimodua gure ziklora moldatzea proposatzen dugu, gorputza errespetatuz. Izan ere, emakume guztiok bizi dugun prozesu fisiologikoa bada ere, gaia tabua da gizartearentzat, eta askotan lotsa edo estigma sor dezake. Behin baino gehiagotan entzun behar izaten ditugu emakumeok hilekoarekin erlazionatutako komentarioak: Zer gertatzen zaizu? Hilekoarekin al zaude? modukoak.

Zer moduzko erantzuna izan du proiektuak?

Gure laugarren urtea abiatuko dugu, eta pixkanaka hazten ari da proiektua. Hasieran, zalantza asko genituen, baina eskarmentua hartzen joan garen heinean, bidea definitzen joan gara. Duela urtebetetik, esaterako, emakumeen osasunean eta hilekoaren kulturan arreta jarri dugu. Hainbat topaketatan eta azokatan parte hartzen dugu, eta ohartu gara, emakumeok hilekoaren zikloaren inguruan zalantza asko ditugula. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zaigu emakume bakoitzak bere gorputza eta hilekoaren zikloa ezagutzea, eta horretarako baliabideak eskaintzen ditugu Ilen proiektuan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!