Ikasturte berria abiatu du Zaharren Babeslekuak bingo saioarekin

Karkara 2019ko urr. 3a, 09:09

Gaur, 18:30ean, pentsio duinen aldeko elkarretaratzea egingo dute Herriko Plazan. Oriotarrak, pentsiodunak nahiz langileak, elkarretaratzean parte hartzera deitu dituzte.

Uda sasoian hiru hilabetez atseden hartu ondoren, ikasturteko lehen bingo saioa egin zuen atzo Zaharren Babeslekuak, eta horrekin ikasturte berria abiatu dute. «Urtean zehar asteazkenetako bingo saioa eta pentsio duinen aldeko elkarretaratzea egin ohi ditugu. Horrez gain, bost-sei egun-pasa antolatzen ditugu, eta irailean hamar eguneko bidaia egiten dugu». Zaharren Babeslekuko presidente Txomin Iribarren hitzetan, «harrera ona» izan ohi dute jarduerek. «Bingoan esaterako, 40 lagun inguru biltzen gara astero, eta bazkide asko asteazkena iritsi zain egoten dira. Ni neu oholtza gainetik saioa animatzen aritzen naiz».

Ostegun arratsaldetako elkarretaratzean ere jende mordoxka biltzen da plazan. 18:30ean elkartzen dira, pentsio duinak aldarrikatzeko, eta Zaharren Babeslekuko taberna itxi egiten dute elkarretaratzeak irauten duen bitartean. Iribarren iritziz, oriotarrek ekimenean parte hartzea «oso garrantzitsua» da. «Egia da badaudela oso pentsio ona duten herritarrak, baina beste askok, emakume alargun askok batez ere, hilean 400- 600 euro bitartean jasotzen dituzte, eta horrekin oso zaila da etxeko gastuei aurre egitea. Horregatik, pertsona horiek bizi duten egoeraz jabetu behar dugu».

Bestetik, 50 urtetik aurrerako herritarrak ere elkarretaratzean parte hartzera deitu ditu Zaharren Babeslekuko presidenteak. «Guk pentsioa jasotzen dugu, baina etorkizunean ere horrela izan dadin presio egin behar dugu. Horretarako, herritarrok kalera atera behar dugu, pentsiodunok nahiz langileek, eta elkarrekin pentsio duinak aldarrikatu».   

2020an zuzendaritza berria
2020 urte hasieran egingo dute Zaharren Babeslekuko zuzendaritza aukeratzeko batzarra. Txomin Iribar «gustura» dago karguan, baina azken urteko hainbat gertakarik «nekatu» egin dutela dio. «Batzar orokorrean arau batzuk zehaztu genituen. Ehun lagun inguru bildu ginen bileran, eta bakarrak bozkatu zuen kontra. Dena dela, zenbait bazkidek ez dituzte arauak errespetatzen, eta kargu hartzen ibili beharra gogorra da. Urte zaila izan da niretzat». Ondorioz, Iribarrek oraindik ez du erabaki berriz ere presidente izateko hautagaitza aurkeztuko ote duen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!