OAEko arraunlariak eta Rebeka Carrera omendu dituzte Jaurlaritzan

Karkara 2019ko urr. 2a, 15:53

Azken denboraldian  arrakastak lortu dituzten ia ehun emakume kirolari omendu dituzte gaur eguerdian, Eusko Jaurlaritzan.

Azken hamabi hilabeteetan (2018-2019 denboraldian) Espainiako Estatuan, Europan edota nazioartean arrakasta handia lortu duten ia ehun emakume kirolari omendu dituzte gaur eguerdian Eusko Jaurlaritzan. Bertan izan dira Rebeka Carrera sofbol jokalaria eta Orio Arraunketa Elkarteko neskak, Kontxako Bandera eta guzti. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hartu du hitza, eta nabarmendu duenez, harreraren helburua izan da kirolarien ahaleginari aitortza egitea eta euren kirol jarduera ikusgarriagoa egiten laguntzea. "Zuen kirol arrakastek balio bikoitza du: kirol ikuspegitik oso garrantzitsuak dira, eta baita berdintasunaren ikuspegitik ere", adierazi du.

Ekitaldian, Urkullurekin batera, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, Jon Redondo Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria eta Basque Teameko ordezkariak izan dira.

Herriko arraunlariekin batera, besteak beste, Bera Bera eskubaloi taldeko jokalariak, Reala futbol eta belar hockeyko jokalariak, Gaztedi eta Badaiotz sokatira taldeak eta Raspas arraunketa olinpikoko taldeko kideak izan dira. Era berean, banakako kirolariak ere izan dira: Leticia Canales eta Nadia Erostarbe surflariak; Irene Usabiaga, Ana Usabiaga, Ziortza Isasi eta Eukene Larrarte txirrindulariak; Leire Garai pilotaria; Maialen Axpe, Arantza Moreno, Elena Loyo eta Irene Loizate atletak; Oihana Azkorbebeitia mendi-lasterkaria; Irene Caminos trialeko txirrindularia; Nahia Quinconcinos mendiko eskiatzailea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!