Orioko balea arrantzaren historia, udaletxeko hormari josita

Karkara 2019ko urr. 3a, 12:00

Joxe Etxeberriak eskuz egindako egurrezko tailua jarri dute Orioko udalbatzar aretoko horman. Azken arnasa Ternuan eman zuten bi balea arrantzaleren testamentuak ere iltzatu dituzte.

Azken arnasa eman nahi nuke itsasoari begira, dio Benito Lertxundiren abesti ezagunak. Zenbait oriotarrek, baina, urruneko itsasoei begira eman zituzten azken hatsak. Kanadako Ternuan zendu ziren Juan Martinez Larrume eta Joanes Etxaniz oriotarrak; 1577. urtean bata, eta 1584.ean bestea, hurrenez hurren. Balea arrantzaleak ziren biak, eta hil aurretik, idatziz jaso zituzten beren azken nahiak, etxetik milaka kilometrora. Hala, gaur-gaurkoz, Amerikan sortu eta jaso diren idatzien artean zaharrenetakoak dira bi oriotarren testamentuak. Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoan dituzte gordeta, Oñatin. Dena den, Orioko udalbatzar aretoko horman jarri berri dituzte bi dokumentu horien lehen orrien kopiak.

Bi idatzien artean, gainera, zurezko tailu bat iltzatu dute, balea arrantzaleek urrutiko uretan egiten zituzten lan gogorrak irudikatzen dituena. Joxe Etxeberria oriotarrak eskuz egindako lana da. Egileak azaldu duenez, irudi zahar bat izan du eredu. XVI. mendean, urtero udaberrian irteten ziren hamarnaka ontzi Oriotik balea arrantzara. Gero, txalupen gainean joan ohi ziren balea bila, eta haietako bi islatzen ditu Etxeberriak egur gainean gantzututako irudiak. Hainbat arrantzale ere ageri da, balea bat harrapatu nahian, arpoien bidez.

80×40 zentimetroko neurria du tailuak. Lana egiteko, bizilagun batek zakarretara bota behar zuen ohe zahar baten egiturako egurra erabili du Etxeberriak; hain zuzen, gaztaina arbola baten zura. Oriotarrak beste hamaika pieza eginda ditu eskuz dagoeneko; hala nola, armarriak, erlojuak edota orotariko tailuak. Arin y Embil enpresako langilea izan zen, eta urte luzez aritu zen bertan, egurra lantzen. Duela 17 urte hartu zuen erretiroa, baina Etxeberriak ez ditu sekula lan horiek atzean utzi. “Zurezko lanez beteta daukat etxea. Balea arrantzaren tailua amaitu nuenean, pentsatu nuen: orain, zer egingo dut honekin?”. Beraz, Orioko Udalari dohaintzan ematea erabaki zuen. Orain, Orioko balea arrantzaren historiak badu tokia udaletxean, horiz margotutako hormetan eta oroitzapenetan, hain zuzen. XVI. mendeko baleazale oriotarren omenez, tailu ondoko oharrak dioen modura.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!