Aurtengo udan %34 jaitsi da Gipuzkoako hondartzetan jasotako zaborra

Aurtengo udako denboraldian 199.369 kilo hondakin jaso dira Gipuzkoako hondartzetan, 2018.urtean 303.716 tona jaso ziren.

2019ko urtarrilaren 1etik irailaren 15era bitartean 491.529 kilo hondakin bildu dira Gipuzkoako hondartzetan, aurreko urtean baino %29 gutxiago. Udako denboraldian berriz, (ekainaren 1etik irailaren 15era artean), murrizketa handiagoa izan da. 199.369 kilo hondakin jaso da, 2018. urtean baino %34 gutxiago; izan ere, 303.716 tona bildu ziren lehengo urtean. Hondartza guztietan gutxitu da hondakinen sorrera, 2018an nabarmendu zen beheranzko joerari eutsiz. Mutriku, Deba eta Hondarribiko herriak nabarmentzen dira, hondakinen sorrera %68, %52 eta %50 gutxitzea lortu dute. Datuak 2017koekin alderatzen baditugu, gutxitzea %52koa izan da; izan ere, 2017ko hondartzen denboraldian 422.012 kilo hondakin bildu ziren.

Irisgarritasuna eta garbiketa

Gipuzkoako hondartza guztiak 2020ko denboraldiaren irisgarriak izateko lanei ekin diote, jada. Irailean Getariako Gaztetape hondartzaren irisgarritasuna hobetzeko obra-lanei hasiera eman zitzaion. Urrian zehar Getariako Malkorbe hondartzan eta Debako Santiago eta Lapari hondartzetan obra-lan gehiagori ekingo zaie. Jarraian, Hodarribiko hondartzan eta azkenik, Orioko Antilla eta Mutrikuko Portu hondartzetan.

Ingurumeneko Departamentuak 330.000 euroko inbertsioa egingo du hobekuntza lan hauetarako. Eskailera berrien garbiketa eta konponketa, sarbiderako arrapalen egokitzapena, baranda eta eskubanden instalazioa, hondatutako osagaien berritzea eta hormen handitzea burutuko dira besteak beste.

Bideometria sarea

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak Gipuzkoako itsasertzeko bideometria sarea osatu du 5 instalazio berri gehituz, horietako bat, Orion. Sistemak erabiltzaileen dentsitatearen inguruko informazioa eskaintzen du eta hondartzetara egunero joaten direnen datua kalkulatzen du. Korronte eta olatuen mapak egiten ditu ere, eta bainu-hartzaileentzat arrisku gehieneko bainu guneak zehazten ditu. Hori baliagarria da sorospen zerbitzuentzako. Azkenik, denboran zehar hondartzaren forma nola aldatzen den erakusten du (harearen espazioa galtzea, harearen banaketan izandako aldaketa…). Hortaz, Klima Aldaketak hondartzetan duen eragina ezagutzea eta behatzea posible egiten du eta baita kosta lerroaren eboluzioa ere, egokitzapen neurriak aurreikusteko.

Bideometria sareari esker Orioko erabiltzaile kopurua zenbatetsi da, Zarautz, Hondarribia, Getaria, Zumaia, Deba eta Mutrikukoekin batera. Gipuzkoako hondartza guztietan 693.034 erabiltzaile egon dira 2019ko ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean. Sistema honek, korronte eta olatuen mapak sortzen ditu, bainu-hartzaileentzat arrisku gehieneko bainu guneak zehaztuz. Zerbitzu hori baliagarria da sorospen zerbitzuentzako. Uda honetan, 12 erreskate izan dira Orion, 46 Zarautzen, 24 Zumaian, 5 Deban eta 4 Getarian. Guztira, 91 erreskate.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!