Eskualdeko ekintzaile eta enpresari txikientzat prestakuntza tailerrak izango dira urrian

Karkara 2019ko urr. 7a, 11:00

Hiru prestakuntza tailer berri eskainiko ditu Urola Kostako Udal Elkarteak ekintzaile eta enpresari txikientzat.

Urola Kostako Udal Elkartearen "Ekiten, ekintzaile eta enpresarien ekosistema" egitasmoaren baitan, urrian zehar, 3 prestakuntza-tailer berri eskainiko dira pertsona ekintzaile edota enpresari txikientzat. Tailer hauen helburua ekintzaile nahiz enpresari txikiei salmenta prozesuak hobetzeko estrategia eta erremintak eskaintzea izango da, beti ere, negozioarekin errentagarritasuna areagotzeko asmoz.

Lehenengo prestakuntza- tailerra "Komunikazioaren balioa salmenta prozesuan" izango da. Saio praktiko baten bitartez, bezeroarekiko komunikazio egoki bat lortzeko metodologia eta hainbat trena erakutsiko dira bertan. Saio bakarreko 4 orduko prestakuntza eskainiko da Urola Kostako Udal Elkartearen egoitza nagusian. Urriaren 9an izango da ikastaroa; goizez, 9:30etik 13:30era.

Bigarrenik "Nola sortu online dendak" tailerra eskainiko da. Internet bidez salmentak egiteko dauden aukera guztiak ezagutuko dira bertan. Eta on line denda baten egituraketa eta erabilgarritasunari buruzko aholkuak eskainiko dira. Guztira, 8 orduko ikastaroa izango da; bi lan-saiotan banatuta. Urriaren 15 eta 16an izango da tailerra; eguerdian, 13:30etik 15:30era.

Azkenik, "On line salmentak kanpo plataformaren bidez" tailerra eskainiko da. Norberak bere online denda propioa sortu beharrik izan gabe, helburua da produktu eta zerbitzuak Internet bidez saltzeko zein beste aukera dauden ezagutaraztea. “Marketplace” izeneko guneetan sakonduko da eta bereziki tailer interesgarria da merkataritza saltoki txikientzat. Guztira, 8 orduko ikastaroa izango da; bi lan-saiotan banatuta. Hain zuzen ere, urriaren 22 eta 23an izango da tailerra; eguerdian, 13:30etik 15:30era.

Argibideak eta izen-ematea
Prestakuntza tailerretan parte hartzeko izen ematea Urola Kostako Udal Elkartearen bidez egin behar da. Horretarako ondorengo datuak eman behar dira:
- IZK/NAN
- Ekintzailearen izen-abizenak edo enpresaren izena
- Jarduera-sektorea
- E-mail
-Telefonoa
- Intereseko ikastaroa(k)

Izena eman edota informazio gehiago jasotzeko, idatzi e-mail bat edo jarri harremanetan telefono bidez:
Tel. 943 890808
jpino@urolakosta.eus

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!