Denak Ohana proiektuak "Korronteak eta erresakak" erakusketa zabaldu du Donostian

Karkara 2019ko urr. 8a, 12:00
Jon Urbe/Foku

'Korronteak eta erresakak' erakusketa zabaldu du Iñigo Gaitonek. 23 surflariren lanak biltzen ditu. Urriaren 17ra arte ikusi ahalko da, Okendo kultur etxean, Donostian

"Korronteak eta erresakak" izeneko erakusketa zabaldu du Danak Ohana proiektuak, Iñigo Gaiton eta Sancho Rodriguezen ardurapean, Donostiako Okendo kultur etxean. Sancho Rodriguezekin batera, surflari artisten lanez osatu dute erakusketa. Hilaren 17ra arte egongo da ikusgai.

Erakusketan, Julen Egiguren, Iñigo Agote, Alex Hontoria, Daniela Garreton, Aitor Molina, Ander Perez Arenaza, Borja Azurmendi, Carles Medina, Gorka Gurdi, Joseba Bernardo, Marcos Azpiroz, Mingo Line, Oscar Valencia, Javi Muñoz Pacotwo, Xabier Zirikiain, Mikel Casal, Iker Garcia, Marcos Navarro, Zako, Panthalassa, Argu, Unai Fernandez eta Asier Elkoroiriberen lanak ikusteko aukera izango da.

Ez da Okendon erakusten duten lehen lana, kultur etxea ireki zenean beste bat aurkeztu zuten. 20.000 lagunek ikusi zuten eta surfa erakutsi zuten, argazkietan surflariak egon gabe. Gauza gehiago ere egin dituzte gerora, baina surfaren inguruan beste zerbait antolatu nahi zuten. Horrela, kultur etxean liburutegi txiki bat jarri zuten, surfari eskainitako apalategi bat. Horri jarraiki, askotariko ekintzak antolatzen dabiltza, tartean, erakusteka hau.

Erakusketaren atzean dauden xedeak surflarien arteko komunitate bat sortzea eta belaunaldien arteko ezagutza transmisio bat bermatzea dira. Hala azaldu du Gaitonek Berria egunkarian: «Ezagutza transmisio bat dago erakusketa honen eta proiektuaren atzean. Uretatik bistaz ezagutzen den jendea baina lehorrean harremanik ez duen jendearen arteko topagune bat sortu nahi da; azkenean, guztiak artistak dira». Artista bakoitzak, hala, bere ikuspegia azaleratu du lanen bidez: surfaren munduari loturiko begiradak asko; baina ez guztiak.

Irakurri erreportajea osorik, Berria.eus atarian.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!