Martxan da aurtengo Euskaraz Gazte literatur lehiaketa

Karkara 2019ko urr. 8a, 15:00
Iazko sari banaketako irudi bat.

Ireki dute lanak aurkezteko epea, azaroaren 15era arte. 16 urtetik gorako oriotarrek zein aiarrek hartu dezakete parte lehiaketan, eta hainbat sari izango dira.

Aurten ere Euskaraz Gazte literatur lehiaketa jarri du martxan Orioko Udalak, 26. urtez jarraian, gazteen artean "idazteko zaletasuna suspertzeko" asmoz. Dagoeneko ireki dute lanak aukezteko epea, azaroaren 15era arte, eta 16 urtetik gorako oriotarrek zein aiarrek hartu dezakete parte lehiaketan. Ohi bezala, ipuinen atala eta bertso edo olerkien atala barnebilduko dituzte.

Euskarazko lanak aurkeztu beharko dituzte gazteek; luzera eta gaia, aldiz, bakoitzak erabaki dezake. Bestalde, antolatzaileek gogorarazi dute lanaren titulua baino ezingo dela agerian egon hura aurkeztean; alegia, egilearen datuak ezingo dira kanpoaldean ikusgai egon, gutun-azal itxi batean gordeta baizik. Parte hartzaileek izen-abizenak, adina, telefonoa eta helbide elektronikoa zehaztu beharko dituzte bertan. Orioko Udaleko Euskara Zerbitzuan edota Aiako kultur etxean aurkeztu behar dira lanak.

Sari ugari

Bestalde, ohi bezala, sari ugari izango dira Euskaraz Gazte literatur lehiaketan. Batetik, hiru lan onenak sarituko dituzte ipuinen atalean zein bertso edo olerkien atalean; hau da, hiru irabazle izango dira atal bakoitzean. Bestetik, baina, bi accesit banatuko dituzte atal bakoitzean.

300 euro eskuratuko dituzte lehen saria jasotzen dutenek. 200 eurokoa izango da bigarren saria, eta hirugarrena, 150 eurokoa. Accesitei dagokienez, aldiz, 100 eurokoa izango da bakoitza. Gainera, udalak azpimarratu du egile bakoitzak ezingo duela sari bat baino gehiago irabazi atal berean.

Orioko Udaleko euskara teknikariak, Aiako Udaleko kultur teknikariak eta KARKARAko kide batek osatuko dute epaimahaia, eta gerta liteke sari guztiak ez banatzea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!