Grina legetzat hartuta

Jon Ander De La Hoz-Berria 2019ko urr. 9a, 13:15

Imanol Alguacilek Realeko entrenatzaile gisa zuzendutako 38. partida izan da Getaferen aurkakoa. Igandean galdu bazuten ere, emaitza onak lortu ditu Realean: liga oso bat jokatu balitz, Europako postuetan legoke talde txuri-urdina. Hona hemen Jon Ander De La Hozek 'Berria'-n idatzitako artikulua, Alguacil hizpide duena.

Poztekoa behar zuena mingostu egin zitzaion Imanol Alguacili. Orioko prestatzaileak igandean bete zituen 38 partida Realeko entrenatzaile gisa, liga oso batean adina. Azkena Getaferen aurkako porrota izanagatik, aldi horretan 60 puntu atera ditu taldde txuri-urdinak haren aginduetara. Urte gehientsuenetan, Europarako sailkatzea ekarriko luke batezbesteko horrek.

Europari so: 60 puntu

Eusebio Sacristanen lekua betetzeko igo zuen Realak Imanol Alguacil 2018ko martxoaren hasieran. Artean Reala B-ko prestatzailea zen, eta estu zebilen lehen taldea. Salzburgek Europa ligatik kanporatu zituen txuri-urdinak, eta Espainiako ligan gain behera hasita zegoen taldea. Espainiako Kopan ere porrot mingarria izan zuen hilabete batzuk lehenago: Bigarren B Mailako Lleidak kaleratu egin zuen, Anoetan irabazita (2-3).

Hain justu, maila hartatik egin zuen jauzia Imanolek, eta haren etorrera susperraldia izan zen Realarentzat. Taldea zuzentzen hasi zenetik sasoia amaitu bitartean, bederatzi neurketa jokatu zituzten donostiarrek, eta irabazi egin zituzten haietatik bost. Sasoia amaitu bezain pronto, bigarren taldera itzuli zen Imanol.

Realaren beste estualdi batean, Jokin Aperribairen zuzendaritzak berriz jo zion atea. Udan Asier Garitanoren aldeko apustua egin zuen klubak, baina bergararraren ibilia motza izan zen: kaleratu egin zuten abendu amaieran. Berriz taldearen gidaritza hartuta, txuri-urdinen norabidea zuzentzea lortu zuen Imanolek. Itzuli orduko, garaipen handia eskuratu zuen Santiago Bernabeun (0-1), eta galdutako sendotasuna eman zion taldeari. Gora eginda amaitu zuen Realak 2018-2019ko sasoia: azkenera arte izan zuen Europan sartzeko aukera, baina Espanyolen etxean galdu egin zuen azken jardunaldian, eta saririk gabe amaitu zuen denboraldia.

Artikulua osorik irakurtzeko, egin klik hemen

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!