Gaur protesta egingo dute Aian eta Orion ere, Kataluniako erreferendumaren auziko epaiaren harira

Karkara 2019ko urr. 14a, 14:00

Auzitegi Gorenak gaur jakinarazi ditu Kataluniako erreferendumaren auzian epaitutako buruzagi politikoen aurkako zigorrak. Hala, bederatzi eta 13 urte bitarteko espetxe zigorrak ezarri dizkiete bederatzi auzipeturi. Gure Eskuk elkarretaratze zaratatsura deitu ditu herritarrak Orion; 19:30ean jarri dute hitzordua, Zakilaneko aldapan. Aian ere ordu horretan elkartuko dira, herriko plazan.

Espainiako Auzitegi Gorenak gaur jakinarazi ditu Kataluniako erreferendumaren auzian epaitutako kideen aurkako zigorrak. Hala, 2017. urteko urriaren 1eko erreferenduma dela-eta "sedizioa" leporatu diete bederatzi buruzagi politikori, eta bederatzi eta 13 urte bitarteko espetxe zigorrak ezarri dizkiete: 13 urtekoa Oriol Junquerasi (Generalitateko presidenteorde zena), 12 urtekoa Raul Romevari (Atzerri kontseilaria), 12 urtekoa Jordi Turulli (Presidentetza kontseilaria), 12 urtekoa Dolores Bassari (Lan eta Gizarte Gaietarako kontseilaria), 11 urtekoa Carme Forcadelli (parlamentuko presidentea), 10 urtekoa Joaquin Forni (Barne kontseilaria), 10 urtekoa Jordi Rulli (Lurralde Antolaketako Kontseilaria), 9 urtekoa Jordi Sanchezi (ANCko presidentea), eta 9 urtekoa Jordi Cuixarti (Omniumeko presidente zena). Kartzela zigorrez gain, bederatzi eta 13 urte bitarteko inhabilitazioak ezarri dizkie Auzitegi Gorenak. Egun espetxean daude bederatzi kideak, beraz, preso jarraitu beharko dute.

Bestetik, "desobedientzia" egotzita zigortu dituzte Santi Vila (Kultura kontseilari ohia), Carles Mundo (Justizia kontseilaria), eta Meritxell Borras (Gobernazio, Administrazio Publiko eta Etxebizitza kontseilaria). 60.000 euroko isun ekonomikoa ordaindu beharko dute, eta urtebete eta zortzi hilabeteko inhabilitazioa ere ezarri diete.

Mobilizazioak hamaika txokotan

Auzitegi Gorenaren ebazpenak hautsak harrotu ditu Katalunian, baita Euskal Herrian ere. Hala, mobilizaziora deitu dituzte herritarrak hamaika txokotan. Aian kontzentrazio zaratatsua izango da herriko plazan, 19:30ean. Orion ere, Gure Eskuk antolatuta, elkarretaratze zaratatsua egingo dute, Erreferenduma ez da delitua. Askatasuna izenpean. Zakilaneko aldapan jarri dute hitzordua, 19:30ean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!