Aimar Galarragak bosgarren egin du Gipuzkoako Harri Handien Txapelketan

Karkara 2019ko urr. 14a, 16:00
(Ibon Errazu)

Atzo arratsaldean jokatu zen Gipuzkoako Harri Handien Txapelketa, Zizurkilen, eta Aimar Irigoien errezildarrak jantzi zuen txapela. Bertan izan zen Aimar Galarraga oriotarra ere; 4.150 kilo altxatuta, bosgarren egin zuen.

Iaz bezala, aurten ere,  Aimar Irigoien errezildarrak irabazi du Gipuzkoako Harri Handien Txapelketa. Oraingo honetan, gainera, iaz baino kilo gehiago altxatzea lortu du Irigoienek: aurten 6.675 kilo altxatu ditu eta iaz 5.875. Bigarren postuan Jokin Eizmendi zarauztarrak egin zuen, 5.770 kilo jasota.

Bertan izan zen Aimar Galarraga ere, eta bosgarren egin zuen. 4.150 kilo altxatu zituen, Xabier Aranburu Guztak bezainbeste.

Atzo, igandea, jokatu zen Gipuzkoako Harri Handien Txapelketa Zizurkilen, eta lehian aritu ziren bost harri-jasotzaileak Urola Kostakoak izan ziren. Lau harrirekin lan egin behar izan zuten lehiakideek, harri bakoitzarekin bina minutuko txandan: 200 kiloko laukizuzena, 175 kiloko zilindrikoa, 150 kiloko kubikoa eta 125 kiloko bola. Irigoienek sei aldiz jaso zuen 200 kilokoa, hamabi aldiz 175ekoa, hamarretan 150ekoa eta hamabostetan 125ekoa.

Sailkapena:
1. Aimar Irigoien (Errezil). 6.675 kilo (6-12-10-15).
2. Jokin Eizmendi (Zarautz). 5.770 kilo (6-9-9-13).
3. Jon Unanue Goenatxo III (Azkoitia). 4.350 kilo (5-6-7-10)
4. Xabier Aranburu Guzta (Azpeitia). 4.150 kilo (4-6-7-10)
5. Aimar Galarraga (Orio). 4.150 (4-7-5-11)

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!