Xabier Etxeberria bueltan da bere lehen komiki liburuarekin

Aritz Mutiozabal 2019ko urr. 19a, 10:00

Xabier Etxeberria, Martin anaiarekin batera ‘Buyan. Heriotzaren uhartea’ izeneko lehen komiki liburua eman du argitara, Aritz Trueba marrazkilariarekin elkarlanean.

Erronka berriei heltzen dietenen kastakoak dira Xabier eta Martin Etxeberria anaiak. Elkarrekin nahiz bakarka ia genero literario guztiak lantzeaz aparte, iaz estreinatutako Margolaria filmaren gidoia ere idatzi zuten. Orain, berriro ere bueltan dira: Buyan. Heriotzaren uhartea izeneko lehen komiki liburua aurkeztu dute, Aritz Trueba marrazkilariarekin elkarlanean ondu ostean. Proiektua ez da atzo goizekoa, ordea. 2012an hasi ziren lantzen, eta erritmo ezberdinetan, gehiago ala gutxiago, azken urteotan horretan aritu direla nabarmendu du Orion bizi den Xabier Etxeberria zarauztarrak. «Sekulako poza ematen du jada atera dela ikusteak».

Zazpi urteko abentura bat izan da, luze joan dena. Alde batetik, su geldoan egositakoa izan delako. «200 orrialde pasatxo ditu komikiak, eta Martinek eta biok gidoia idatzita geneukan arren, marrazkiak egin behar dira eta gero kolorea eman behar zaie. Aritz ez da horretara dedikatzen, Ikastolen Elkartean egiten du lan, eta gauez, asteburuetan eta oporretan joan da marrazkiak egiten», jakitera eman du. «Gainera, bere lehen komikia izan da, eta mimoz landu nahi izan ditu ilustrazioak. Oro har ikasketa prozesu bat izan da. Beraz, erritmoa ez da izan marrazkilari profesional batena bezalakoa».



Bestetik, argitaratzeko orduan hainbat gorabehera izan ditu lantaldeak. «80 bat orrialde eginak genituenean, komiki argitaletxe bila hasi ginen, baina hemengoak oraindik txikiak dira eta horrelako zerbaiten alde apustu egiteko zalantza dezente zituzten. Baten batek ere esan zigun saiatzeko Frantzian saltzen, eta handik bueltan ikusiko zela ea euskaraz ateratzen genuen». Hala, bigarren fase batean, duela hiru urte, bi anaiek dosierra frantsesera itzuli zuten, eta Angulemako (Frantzia) komiki jaialdira abiatu ziren argitaletxe bila. 

Bertan, pare bat zigiluk interesa agertu zieten, baina pauso bat haratago emanez, dosierra ingelesera itzuli eta saiakera bera egin zuten AEBetako argitaletxeetan. Han Insight Comics-ek kontratua mahai gainean jarri zien, eta horrela lortu dute Buyan plazaratzea. «Mailaz maila igotzen joan gara eskaileran, eta egia da luze joan dela, baina komiki guztiek, irakurterrazak izan arren, lan handia dute atzetik».


Euskaraz jada kalean


Insight zigiluak ingelesez argitaratuko du Buyan, eta frantsesez kaleratzeko eskubideak saldu dizkio Akileos argitaletxeari; Anguleman interesa jarri zuenari, alegia. Era berean, beste hizkuntza batzuetara saltzeko harremanetan ari dira esatubatuarrak. Komikiaren kaleratze data ofiziala azaroaren 5a dela dio Etxeberriak, baina euskarazko bertsioa dagoeneko kalean da. Munduari itzulia eman ondoren, autoeditatuta argitaratu dute Turko Comics zigilu propioarekin. «Ofizioko atal guztiak ikasi ditugu: sorkuntza, ekoizpena, argitaletxeetara eskaintzea, banaketa...». Euskal Herriko hainbat liburu dendatan jarri dute salgai, 25 euroan; eskualdean, Zarauzko Garoan eta Wasabin eros daiteke.



Paradoxikoa da, zalantzarik gabe. «Duela egun batzuk Unai Iturriagak Twitterren jarri zigun badela marka kanpoan arrakasta izatea, gero etxean euskaraz atera ahal izateko. Azken finean, estatubatuarrek ordaindu diguten lehen diru kopuruarekin inprentako gastuak ordaindu ditugu, euskarazko bertsioa ateratzeko, ingelesezko eta frantsesezko formatu berean». Izan ere, sortzaileek argi zuten hasieratik «euskarazko produktu bat» zela, eta euskaraz ezinbestean atera behar zutela. Gainera, baimena eskatu zieten euskaraz aurretik plazaratzeko, Getxoko Komiki Azokan present egon zedin. Astebukaera honetan izango da, gaur hasita igandera arte, eta bertan izango dira egileak.


Mitologia eslaviarra


Komikia bera sortzea eta ondoren fisikoki egi bilakatzea abentura hutsa izan bada, bertan kontagai duten istorioa bera ere ez da nolanahikoa: fantasia edo abentura epiko bat da. Ipuin klasikoetako eskema jarraitu dute anaiek gidoia osatzerakoan: XIII. mendean dago kokatuta, egun Errusia den lurraldean, eta bere herrixkatik aterako den Maansi izeneko gazte bat du protagonista. Europarantzat zabaltzen ari den Mongoliako Inperioaren eta Zaldun Teutoniarren gurutzaden sasoian, protagonista kontrako bidetik joango da itsaso alderantz, Buyan izeneko uharte mitikoaren bila. «Herri eslaviarren mitologian hildakoen arimak hegan joaten dira, beltxarga-edo bihurtuta, uharte horretara. Tchaikovskyren Beltxargen lakua kondaira horretan dago oinarrituta». Historia, fantasia eta mitologia eslaviarra uztartu dituzte istorioa idazteko orduan.



«Martin eta biok heriotzaren inguruko mitologia begiratzen ibili ginen duela urte batzuk, eta mito horrekin topo egin genuen». Xabier Etxeberriak eta Aritz Truebak elkarrekin egiten zuten lan, eta marrazkilaria zerbait pertsonala egin nahian zebilela eta, aipatu ideia azaldu zioten anaiek. Horrela abiatu ziren uhartearen bila.

Ibilbide horretan, laugarren kide bat ere batu zitzaien: Josu Igoa informatikaria, lanaren bertsio digitalaren egilea. «AEBetan asko saltzen dira komiki digitalak, baina PDF hutsak dira. Guk, aldiz, beste zerbait eskaini nahi dugu; nolabait esateko, efektu bereziekin: soinua, mugimendua, gauza interaktiboak, mapak... Oraindik ez dago bukatuta, baina horren lanketan dabil». Horrez gain, komikiaren garapen digitalean hasieratik egon dela azaldu du Etxeberriak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!