Mikel Markezek bere musika ibilbidea laburtzen duen lan berria kaleratu du

Intza Unanue Arruabarrena 2019ko urr. 22a, 12:00

30 urteko ibilbidean sortutako kantuak zuzenean grabatu ditu diskorako. 'Biribilean' diskoan gertuko musikariak elkartu ditu proposamena aberastu eta kutsu berezia lortzeko.

Mikel Markezek (Errenteria, 1971) Biribilean izeneko lan berria argitaratu du. 30 urteko ibilbide profesionalean lehenengo aldiz zuzeneko diskoa grabatu du, Mecca Recording Studiosen. Azken emaitzarekin gustura geratu bada ere, hasieran «beldur pittin bat»  zuela adierazi du musikariak: «Diskoko kantuak, ordea, musikariekin asko landuak nituen aurretik, eta emaitza ona izan da».

Lan berrian gertuko musikarien laguntza izan du Markezek. Musika aldetik, aberasteko, Arkaitz Miner izan du alboan, biolina, biola, mandolina eta tinpletearen doinuak jartzen. Julen Alonso oriotarrak, berriz, trikitia eta eskusoinuarekin lagundu dio.

Horiez gain, abeslari Andrea Bidart kantari kaliforniarra eta Esti Markez alaba aritu dira, hiru ahotsetara ondutako lan korala osatuz. Denen artean osatu duten lanarekin gustura da Markez abeslaria.

Orain arteko bereziena 

Markezen esanetan, diskoa hasieratik izan da berezia, «grabatzeko moduagatik eta gertuko musikariak lagun» izan dituelako. Hala ere, bere kantu kuttunez osatu duen lanaren berezitasun handiena «Esti alabaren parte hartzea» izan dela azpimarratu du. «Aspalditik buruan nuen zerbait zen alabarekin batera kantatzea. Ilusio handiz bizi izan dut prozesua».

Biribilean diskoan, hiru hamarkadatako ibilbide profesionalean sortutako zenbait kantu bildu ditu Orion bizi den kantautoreak, modu akustikoan. Diskoa osatu duten zazpi kantuak bi arrazoigatik hautatu ditu Markezek, «batzuk adierazgarriak direlako hartu ditut, eta beste batzuk garai bateko diskoko bertsioarekin ez nintzelako gustura geratu». Kantuak zaharrei gaur egungo sentimentuak erantsi dizkio Zure begiek abesti ezagunaren egileak. «Urteak pasatuta kantu batzuk eragiten dizkidaten sentimentuak aldatu egin dira». Horrela lan berri honetan kutsu berri bat izango dute musika piezek. 

Horiez gain, kantu berri bat ere aurkeztu du lan honetan Markezek, Herrimina. Mexikoko kantu zahar bat berreskuratu eta bertsio propioa sortu du Errenteriakoak. «Munduko txoko guztietan sentitzen dugu herrimina. Horren lekukotza eman nahi izan dut kantu honekin, sorterritik urrun dagoenarentzako».

Mikel Markez abeslari beteranoaren azken lana kalean da eta, pixkanaka, aurkezpen kontzertuak lotzen ari da. Lehenengo emanaldia azaroaren 3an izango du, Irurtzungo Kultur Etxean (Nafarroa), 19:00etan. Urte askotan bizileku izan duen Aian ere kontzertua emango kantautoreak, otsailaren 29an hain zuzen ere. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!