Iñaki Gurrutxaga: "Bertsolarion arteko talde izaera, igandean oholtzan transmitituko dugula uste dut"

Karkara 2019ko urr. 26a, 12:00

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenetako saioa jokatuko du Iñaki Gurrutxagak, bihar, Azpeitian. Bertsolari oriotarrarekin izan da KARKARA, saioaren bezperan. 

IÑAKI GURRUTXAGA - Bertsolaria

Final zortzirenetan sartu zinen txapelketan. Lehen saio horretan zer sentipen izan zenituen?
Txapelketetan normalean lehen saioa nahiko gorabeheratsua izaten da. Txapelketarekin kontaktua hartzeko balio du lehen saio horrek, baina gainontzekoak bezala, kale edo baleko izaten da. Saioan murgiltzea nahikoa kostatu zitzaidan, baina tiraka-tiraka aurrera atera nintzen, eta gustura nago. Pentsatzen dut hurrengo saioak desberdinak izango direla.

Zer moduzko maila antzeman duzu txapelketan?
Lehen fasean, bertsolari asko bere maila eman gabe geratu direla uste dut; ezusteko txarren bat ere izan dut. Badira indartsu datozen bertsolari gazte batzuk, plazan astero-astero maila handi samarra erakusten ari direnak, baina txapelketan bidean geratu dira. Uste dut gehiago merezi zutela, ez dute asmatu. Bestetik, bertso eskolako kideen eta nire adin bueltako bertsolarien artean denetik egon da, baina ez dut aparteko ezustekorik hartu.

Zu zeu asko prestatu al zara txapelketarako?
Aurreko txapelketarekin konparatuta, asko prestatu naiz. Duela lau urte oso berde joan nintzen txapelketara, eta oholtza gainean arrastaka, herdoilak jota bezala sentitu nintzen. Oraingo honetan berriz, inguruko bertsolariekin biltzen aritu naiz. Urtarrilean hasi ginen elkartzen, batzuei maiatzeko fasean kantatzea tokatu zitzaielako, eta aitzakia horrekin astero bildu gara.

Txapelketa ez da ohiko saioa izaten. Lan handia eskatzen du, eta aitortu behar dut, ailegatzen naizen fasera iritsita ere, txapelketa honek aurrera egiten lagundu didala; baliagarria izango zaidala uste dut.

Igandean Azpeitian jokatuko duzu final laurdena, eta saioan izango diren bertsolari asko ezagunak izango dituzu. Zer asmorekin zoaz?
Alde batetik, kartela bere horretan ikusita, duela urte batzuetatik hona garatu den olatu baten emaitza da, lau emakumezko eta bi gizonezko izango baikara oholtza gainean. Bestetik, saioan parte hartuko duten bertsolari guztiak ditut ezagunak. Duela lau urteko final erdian esaterako, igandean kantatuko dugun sei bertsolaritatik hiruk elkarrekin kantatu genuen. Gure artean konfiantza maila handi samarra dugun bertsolariak gara, eta talde izaera hori oholtzan transmitituko dugula uste dut. Bertso saio polita osatzea espero dut.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!