Olatz Zugastik ‘Orion Zuzenean’ diskoa kaleratu berri du

Amaiur Cajaraville, Olatz Zugasti eta Gratxina Lertxundi. (Intza Unanue Arruabarrena)

Maiatzaren 4an Orion eskaini zuen kontzertua "ustekabean" zuzenean grabatu eta atzera begirako bilduma bikoitza argitaratu du Zugastik, Kantaita bere zigilu berriarekin.

Olatz Zugastik (Hernani, 1965) Orion Zuzenean izeneko disko bikoitz batean bildu du maiatzaren 4an, bere bizilekua den herrian eskaini zuen kontzertua. 1991n ekin zion bakarkako bideari Kantu baten bila nabildiskoarekin. Beste lau lan ere grabatu ditu estudioan, Bulun-Bulunka (1999), Elearen lainoa (2002), Gau hotzenean ere (2010) eta Ur goiena, ur barrena (2015). Azken horrekin hasi zen hernaniarra bere lan pertsonala zuzeneko emanaldietan eskaintzen, eta lau urteren ondoren, zuzeneko lehen diskoa kaleratu du.

Orion Zuzenean lanerako lau musikari izan ditu alboan abeslariak: Ander Ederra gitarra, Amaiur Cajaraville baxua, Ander Zulaika bateria eta kajoia eta Gratxina Lertxundi teklatua, flauta eta ahotsa.

“Ezustekoa”
Zugastiren azken lana “inondik ere” aurreikusita ez zegoela adierazi zuen hernaniarrak, pasa den ostegunean, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean egindako aurkezpenean. ”Ustekabean”, soinu teknikariek Orioko kontzertua grabatu egin zuten, beste askotan egin izan duten bezala, eta musikariari igorri zioten. Hobekuntzak ikusteko grabazioa izan behar zuena, disko bihurtzeko material bilakatu zen orduan. “Grabaketa entzun genuenean hasi ginen argitaratzeko ideia lantzen”. Harpa jotzaileak aurretik bilduma bat argitaratzeko asmoz zebilela adierazi zuen, “baina, hara non, bilduma eskuetan nuen”.

Berezia izan zen musikariarentzat Orioko kontzertua. “Kontzertutik sentsazio onarekin atera ginen, publikoa ere hunkituta agertu zen”. Horrela, teknikoki egon zitezkeen “gabeziak” banan-banan aztertu zituzten, eta konturatu ziren bazela zerbait haiek konpentsatzen zituena: “zuzeneko magia” eta “kantuetan orain arteko interpretazio onena” egin izana.

Benito Lertxundik ekoiztu du lana, eta hasieratik argi zuen “kontzertua bere horretan” jasotzeko ideia, hango “iruzkinak eta txaloak” barne. Eta horrela izan da, bi diskoko bilduman zuzeneko esentzia jaso dute. Euskarri digitalean, ordea, kantuak bere soilean argitaratu dituzte.

Disko berrian bere lehen lanetik hasi (Kantu baten bila nabil) eta urte hauetan guztietan sortu dituen kantuak bildu ditu. Tartean, orain arte kaleratu gabeko abesti bat jaso du, Erregina eta saratsa. “Altxor txiki bat da niretzat. Betidanik izan dut esku artean”, adierazi zuen Zugastik. Argia dantza konpainiaren Irradakaikuskizunean ezagutu zuen kantua: “Oso hunkigarria izan zen niretzat, malkotara eramateraino”.

Bere sorkuntzez gain, Benito Lertxundiren bi kantu ere gehitu ditu bilduman. Mirotzak abestiari Gratxina Lertxundik jarri dio ahotsa, izan ere, “emozionalki eta afektiboki” harekin lotura handia duen abestia dela azaldu zuen Zugastik. Bestetik, Benito Lertxundik zuzenean inoiz eskaini ez duen Ni Olentzero naiz abestiaren bertsio laburra ere entzungai dago diskoan.

Pasa den ostiralean kaleratu zuten lan berria disko formatuan eta euskarri digitaletan, eta hiru aurkezpen kontzertu eskainiko ditu Zugastik datozen hilabeteetan: abenduaren 4an, Bilboko BBK aretoan izango da; abenduaren 5ean, Hernaniko (Gipuzkoa) Biteri kultur etxean eta otsailaren 23an Donostiako Victoria Eugenia antzokian.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!