Horiz margotutako oinatzak

Dorleta Agiriano Lai 2019ko urr. 30a, 10:30
(Utzitako argazkia)

Jon Azkuek eta Kauldi Odriozolak 2023. urtera arte luzatu dute kontratua Bidasoa taldearekin. Kamiseta horia soinean, datozen sasoietan ere elkarren ondoan ariko dira Asobal ligan.  

Bost eta lau denboraldi; 107 eta 84 partida; 369 eta 336 gol. Gazteak dira Jon Azkue (Orio, 1994) eta Kauldi Odriozola (Zumaia, 1997) eskubaloi jokalariak, baina garrantzitsuak dira gizonezkoen Espainiako eskubaloiko maila gorenean, Asobal ligan,  dagoeneko metatu dituzten emaitzak. Azkuek 2011-2012 denboraldian hasi zuen ibilbidea Bidasoa Irun taldean. Baina egun desagertuta dagoen Arrate taldearen kamisetarekin jokatu zuen Asobalen estreinakoz, 16 urterekin. Odriozola, berriz, 2015-2016 denboraldian iritsi zen Irungo Artalekura, Zumaiako Pulpo taldetik. Bidasoak urte hartan lortu zuen Bigarren Mailatik aurrenekora igotzea.

Bidasoak joan den astean jakinarazi zuenez, bi jokalariei luzatu berri diete kontratua. Hala, akordio berrien arabera, aurtengoa zenbatuta, gutxienez lau denboraldi gehiago jokatuko dituzte Irungo taldean oriotarrak eta zumaiarrak; 2023. urteko ekainaren 30era arte, hain zuzen.

Azkuek azaldu duenez, iazko Gabonetan osatu zuten klubeko zuzendaritza berria, Gurutz Aginagalde buru. Oriotarraren kasuan, kontratu zaharrak hurbil zuen iraungitze data: hasi berri den denboraldiaren amaiera, 2020. urtean. Aurreko sasoia amaitu aurretik, baina, akordio berria lotu zuten klubak eta jokalariak, eta kontratua luzatzea adostu zuten. «Erraza izan zen taldean jarraitzeko erabakia hartzea. Urte asko egin ditut Bidasoan, eta lehentasuna da niretzako», dio Azkuek. «Nik banuen bertan segitzeko itxaropena, eta ilusioz hartu nuen klubak erakutsitako interesa. Gainera, niretzako sorpresa izan zen kontratua hainbeste urterako luzatu nahi izatea, baina esanguratsua ere bada: proiektu bat du klubak, ibilbide berri bat, eta epe luzera begira jarri dira dagoeneko».

Etapa berria, parez pare

Bidasoak duela urte gutxi ireki zuen etapa berria gizonezkoen maila nagusian, eta iaz «oso denboraldi ona» egin zutela nabarmendu du Azkuek. Hala, Asobalen bigarren egitea lortu zuten, baita Champions liga jokatzeko txartela eskuratu ere. «Oraingo denboraldian, gure helburua da ligan iazko postutik ahalik eta hurbilen mantentzea», dio jokalariak. «Championsean aritzea ere erronka polita da. Hasieran ez zen helburu nagusia bertan emaitza onak lortzea, baina bost norgehiagoka jokatu ditugu jada, eta oraindik ez dugu galdu. Beraz, gero eta aukera gehiago ditugu hurrengo faserako sailkatzeko, eta aukera hori ere baliatu nahiko genuke ahalik eta urrutien iristeko». Horretaz gain, Azkuek azaldu du «klubaren lana eta taldeak esku artean duen proiektua egonkortzeko» abagunea ere izango da denboraldi hau. 

Besoz beso

Bidasoan talde berean egon aurretik, ezagutzen zuten elkar Azkuek eta Odriozolak: «Gehiago edo gutxiago, guztiok ezagutzen dugu elkar eskubaloiaren munduan. Kauldi Irunen hasi aurretik, biok ari ginen Espainiako Selekzioarekin; junior mailan ni, eta jubeniletan  Kauldi». Gogoan du garai hartan bazirela zurrumurruak, zumaiarra Bidasoan hasiko ote zen. «Egun batean Zumaian egin genuen topo, biak partida bat ikustera joanak ginen. Berarengana hurbildu nintzen harmailetan, eta Bidasoan hasteko konbentzitzen saiatu nintzen. Taldeak itxura polita zuela esan nion, baita elkarrekin jokatzen asko disfrutatu genezakeela ere. Guztiok genuen Kauldiren potentzialaren berri». Azkenean, 2015-2016 denboraldirako, Irungo taldera batu zen Odriozola. Asobal ligako hasiberri onena izendatu zuten 2016-2017 sasoian, eta azken bi urteetan, Eskuin Hegal Onenaren saria jaso du. «Taldearentzat asko da Kauldi», nabarmendu du Azkuek. Kontratua berritu zuenean, Odriozolak azaldu zuen «oso gustura» dagoela taldean, baita «klubaren bilakaera oso handia» izan dela ere. «Orain daukagun proiektua oso interesgarria da», adierazi zuen zumaiarrak.

Azken urteetan, beraz, besoz beso aritu dira Irunen jokalari oriotarra eta zumaiarra, eta hala izango da datozen denboraldietan ere. Kamiseta horia soinean, taldekide dira, baita elkarrentzako helduleku ere, hala dio Azkuek: «Hurbilekoak eta inguru berekoak gara, gazteak eta sostengu bat bata bestearentzat».

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!