'Itzuliz usu begiak' saiakera liburua aurkeztu du Anjel Lertxundik

Karkara 2019ko urr. 30a, 13:30
'Itzuliz usu begiak' saiakera. (Alberdania)

Itzulpengintzari buruzko lana izateagatik, ez duela"tratatu teoriko bat" idatzi nahi izan adierazi du idazleak. Aitzitik, buruan izan duen irakurlea "literaturzalea" dela, eta "ez bereziki literaturan aditua".

Koro Navarro itzultzailea eta Jorge Gimenez Bech Alberdania argitaletxeko editorea lagun zituela, Donostiako Udal Liburutegiko Mandas Dukearen Aretoan aurkeztu du gaur goizean Anjel Lertxundik bere lanik berriena. Itzuliz usu begiak izeneko saiakera liburua ondu du oraingo honetan, eta, bertan, literatur itzulpen eta sorkuntza lotzen duten zubi eta zurubiak hartu ditu hizketagai, mosaiko bat osatzen duten 116 teseletan. “Literaturaz gozatzen duen euskal irakurleari egin dio opari, oraingoan, Lertxundik, jatorrizkoaren nahiz itzuliaren kalitatea langa bakartzat hartuta, literatura horren jatorriari buruzko bereizketa artifizialaren ordez”, adierazi du editoreak.

Lertxundik aitorpen batekin eman dio hasiera bere mintzaldiari: “Nire gustuak eta sena, logika pitin batekin zipriztinduak, hartu ditut makulu libururako testuak –teselak deitzen diet nik– idazterakoan. EIZIEk gidatzen duen Literatura Unibertsaleko bilduman zentratu naiz bereziki, baina ez horrez aparte ez dagoelako argitalpen pribatu inportanterik literatur itzulpenen alorrean, baizik eta proiektu hori guztiontzat –eta, noski, euskal literaturarentzat– erreferentziazkoa delako”.

Hiru zutabeak

Lertxundiren esanetan, hiru dira sistema literario baten zutabe nagusiak: sorkuntza, itzulpena eta irakurketa. irakurleak –idazleak barne–, itzulpenik gabe, “beste hizkuntza bat izango du, ez euskara,literatura unibertsalaren munduan ibiltzeko bidaide, eta beste hizkuntza batean hartuko ditu literatura unibertsalaren testuak eta erreferentziak, eta, jakina, beste hizkuntza horretan –edo horietan– bilatuko ditu berrikuntzak ere”.

Irakurleak, beraz, itzulpenik izan ezean –edo itzulpengintza eskasa izanez gero– beste hizkuntza batean ase beharko du egarri kultural berez zabal eta askotarikoa, eta “horrek guztiak –gaineratu du Lertxundik– ondorio latzak ekarriko lituzke euskal sistema literariora eta, baita ere, euskarara”.

Eta itzulpen literarioa arretaz ez hartzearen ondorio latzez ari zela, hausnarketa interesgarri bat plazaratu du: “Euskara publikoa itzulpenaren bidez emana daukagu neurri handi batean: lege itzuliak, politikagintza itzulia, testugintza itzulia, eta neurri handi batean oso modu burokratikoan, grisean, bizipozik gabean emana. Arnasbide eta ispilu ezinbestekoa du itzulpengintza literarioa hizkera burokratiko horrek. Halaber, idazleok iristen ez garen eremu, erregistro eta gai jartzen ditu itzulpen literarioak mahai gainean, idazleontzat ere arnasbide eta ispilu behar luke izan”.

Idazleak argi utzi nahi izan du ez duela itzulpengintzari buruzko –edo literatur sorkuntzari buruzko– tratatu teoriko bat idatzi nahi izan; aitzitik, buruan izan duen irakurlea “literaturzalea da, ez bereziki literaturan aditua. Irakurtzeaz aparte, literaturaren joan-etorriak eta aroztegia interesatzen zaizkiona, euskal sistema literario sendoagoa estimatuko lukeena, jatorrizko prosa ona bezala gozatzen duena prosa itzuli ona ere”.

"Liburu borobila"

Koro Navarrok eskerrak eman dizkio Lertxundiri, “tema handiz eta suhartasunez aritu baita itzulpenaren alde aspaldi honetan”. Defentsa horren froga, ia 400 orriko liburu hau eskaintzea Itzulpenak literaturgintzan betetzen duen funtsezko eginkizunari. “Liburu borobila da. Dena elkarrekin lotua baitago, mataza bakarrean, eta hari batetik tiraka beste hari batzuk ateratzen ditu egileak: euskararen inguruko gogoetak; euskara batua, euskalkiak eta txokokeria, irakurzaletasuna; haur-literaturaren arazoak; itzulpen eta jatorrizkoaren arteko dialektika; itzulpenak hemen ez duen oihartzuna, eta abar”.

Era berean, irakurri beharreko liburutzat jo du; ez bakarrik itzultzaileek, baita idazleek ere, eta, oro har, euskararen eta euskal literaturaren inguruan dabilen edonork.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!