PAPEREKOA

Pentsamendua

Kofradia zaharreko paretak bezain erraz botatzen ditu denborak betirako direla uste ditugun gure errutina txiki guztiak.

Aspalditxo egin beharra neukan baina, gauza bat dela eta bestea dela, atzeratzen joan zait eta gaur hasi naiz (azkenean / bahuen garaia / que te bejondan) balkoiko loreak aldatzen. Loreontzietara hurbildu hutsarekin aitortu behar izan dut: lehenago egin behar nuen. Honezkero pena ematen dute, izan ere, han eta hemen zintzilikatuak ditugun loreek: alegriak triste daude zeharo, zimelduta, eta oraindik benetako hotzik egiten ez duen arren, udako epeletik urrun betetasuna galduta daude surfiniak ere.

Landare hauek atera eta haien ordez zer jarri erabaki ezinik, begirada altxatu dut. Zeruan, izena jartzera asmatzen ez dudan hegazti talde bat (kurrilloak ote dira, edo antzar basatiak?) hodeien gainean letra bakarreko txioa idazten: V.

Ume koskorra nintzenean Espainiako telebistan botatzen zuten serie harekin gogoratu naiz ezinbestean; halaxe izena zuen baita ere: V, los visitantes. Burua hazkatu dut. Bada marka. Orduan kapitulu bat bera ere galdu gabe ikusten nuen baina, orain, lepagaineko melokotoia estututa ere, ez dut ezer askorik gogoratzen: extralurtar gaiztoen nagusiak Dayana izena zuela besterik ez eta, gure osaba zenak esparragoak bezalaxe, arratoiak oso-osorik eztarritik behera irensten zituela. Gure osaba, akordatu naiz bat-batean, zenbat urte honezkero hura ere hil zela.

Ustekabeko tristura atzean laga nahian, etxetik atera eta loredendara abiatu naiz, erosketa umeak ikastolatik atera aurretik egiteko asmotan. Nahiz eta alabak jada ez diren hain ume eta, egia esan, ikastolatik etxera etortzeko aitaren beharrik ez izan. Kofradia zaharreko paretak bezain erraz botatzen ditu denborak betirako direla uste ditugun gure errutina txiki guztiak, egin dut nire artean eta, irribarre zimur batez, zer lore erosi erabaki dut kolpera.

Alaba txikiena izan da lehena irteten, eta ikastolara plastikozko poltsa pare batez zamatua iristen ikusi nau. Harrituta geratu da poltsen barruan landare-potoak zeudela topatzean.

- Zer lore dira, aita?
- Pentsamenduak, maitea. Lore zaharrak kendu eta berriak jarriko ditut, bizitzak aurrera jarraitzen du. Orain hau tokatzen da: pentsamendua udazkeneko lorea da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!