Euskararen erabilera goraka doa

Aiora LarraƱaga 2019ko urr. 31a, 10:33
(Aiora LarraƱaga)

Euskararen erabilera igo egin da Orion, batez ere helduen artean, eta Orioko Euskara Batzordeko arduradunak «pozik» daude bilakaerarekin, azken urteetako joera irauli baita.

Orioko Udaleko Euskara Batzordeak bi urtetik behin egin ohi du euskararen erabileraren kale neurketa, eta pasa den astean argitaratu zituen 2019ko datuak. Emaitzak «pozgarriak» direla uste dute Orioko Euskara batzordeburu Bakartxo Olidenek eta Euskara teknikari Jabier Zabaletak. Izan ere, azken urteotan, bereziki 2011tik hona, beheranzko joera izan du euskararen erabilerak Orion, baina, aurtengo neurketaren arabera, aldatu egin da norabide hori. «Euskararen erabilera igo egin da herrian, batez ere helduen artean», eta hori oso datu ona dela nabarmendu dute, %57tik %72ra pasatu baita.

Euskara Batzordeko arduradunen iritziz, hainbat faktorek eragin dute hazkunde horretan. Alde batetik, uste dute Euskaraldiak «kontzientzia piztu» duela herritarren artean. «Euskaraldiak herritar euskaldunak aktibatzea zuen helburu, eta Orion erantzun bikaina izan zuen ekimenak. Parte hartzea beste herrietan baino handiagoa izan zen, Euskal Herriko handienetakoa», zehaztu du Zabaletak. 

Parte hartzea handia izateaz gain, Olidenen iritziz, Euskaraldiaren olatuak oriotarren hizkuntza ohituretan«eragina» izan du. Izan ere, badira euskaraz jakinda ere, zenbait eremutan gaztelaniaz hitz egiteko ohitura duten oriotarrak, baina Euskaraldiak «joera horiek aldatzen lagundu» duela nabarmendu du. 

Bestetik, Euskara teknikariak uste du, piramide demografikoa aldatzen ari den heinean, euskararen erabilera datuak hobetzen ari direla. «Herriko bi ikastetxeek lan handia egin dute euskararen normalizazioan, eta egun 40 urtetik beherako oriotar gehienak euskaldunak dira». Gazteen artean euskararen erabilera %80 inguruan finkatuta dagoela ere azpimarratu du. «Horregatik, gazteak 25-64 adin tartera pasatu ahala, helduen erabilera maila handitzen ari da». 

Etorkizun itxaronpentsua

Jabier Zabaletaren arabera, datu horiek etorkizunerako markatuta dituzten helburuak handitzeko aukera ere ematen dute. «Orio herri euskalduna dela, eta herritarrek euskaraz bizi nahi dutela argia da, eta bide hori jorratu behar dugu». Hala, 2020ko udazkenean egingo den Euskaraldia «pizgarria» izango dela pentsatzen dute. 2020ko Euskaraldiak elkarteetan eta erakundeetan euskararen erabilera indartzea du helburu. «Oraindik euskara gutxi erabiltzen duten erakundeei bultzada emateko balioko du ekimenak. Horregatik, garrantzitsua da eragileek jakitea, Orion herritarren %72a euskaraz bizi dela. Hizkuntza ohiturak aldatzeko balio izatea espero dugu».

Kale neurketa bi urtean behin

1989an hasi zen Orioko Udaleko Euskara Zerbitzua herrian euskararen erabilera neurtzen. Hasieran urtero egiten zuten kale neurketa, baina ohartu ziren urte batetik bestera aldaketa txikiak izaten zirela, eta egokiagoa zela bi urtetik behin egitea. Aurtengo neurketa maiatzaren 8tik 12ra bitartean egin dute, eta herriko bi lagun ibili dira herritarren hizkuntza ohiturak aztertzen. Guztira, 3.181 herritarren hizkuntza-jarduna neurtu dute. Orioko Udalak nabarmendu du, «lagina hain zabala denez, neurketaren emaitzak fidagarritasun handikoak» direla.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!