Orioko Kepa Loidi harategia, bosgarren Euskal Herriko Txorizo Egosi Txapelketan

Karkara 2019ko aza. 4a, 11:00
(Urola Kostako Hitza)

Larunbatean Azpeitian izan zen Euskal Herriko Txorizo Egosi Txapelketa, eta 27 harakinek hartu zuten parte. 38 puntu eskuratuta, bosgarren egin zuen Kepa Loidi harategiak.

Iragan larunbatean, azaroak 2, Azpeitiko XIV. Libre Ardo Dastaketa Eguna izan zen Azpeitian. Dastaketaz gain, baina, Euskal Herriko Txorizo Egosi Txapelketa jokatu zuten, goizetik hasita. Aurten 27 harakinek hartu dute parte lehian, eta etxean geratu zen txapela; Zabala harategiak irabazi zuen txorizorik onenaren saria.

Orioko Kepa Loidi harategia ere izan zen parte hartzaileen artean, eta ez zen esku hutsik itzuli herrira. Izan ere, 38 puntu eskuratuta, bosgarren postua lortu zuen. Hala, plazako kioskoan egin zen sari banaketa ekitaldian, garaikurra jaso zuen harategiko kide batek, Mikel San Juan tailugilearen eskutik.

Zabala harategiari Olazagutiako (Nafarroa) Pako harategiak jarraitu zion, bigarren sariarekin. Segurako (Gipuzkoa) Ondarre izan zen hirugarren sailkatua, eta laugarren postua Azpeitiko Valentin Odriozola harakinarentzat izan zen.

Txorizo Egosi Lehiaketako argazki guztiak ikusteko, egin klik hemen

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!