Haziak esku batetik bestera

Karkara 2019ko aza. 6a, 11:00

Aurten ere hazi banaketa egingo dute Orioko Herrio natur taldeko kideek. Zuhaitz autoktonoen haziak banatuko dituzte, herritarrek landatu ditzaten.

Iazko udazkenean ez zuten urteroko hazi banaketa egin Herrio natur taldeko kideek. Oraingoan, baina, dinamikari heldu diote berriz. Hala, datorren igandean haziak eskutik eskura ibiliko dituzte berriz; goizean, zuhaitz autoktonoen haziak banatuko dituzte herritarren artean. 11:00etatik 13:30era jarri dute hitzordua, Zakilaneko aldapan. Dena den, eguraldi txarra iragarri dutenez, antolatzaileek azaldu dute ziur aski Pietatearen azpiko aterpera mugitu beharko dutela gunea.

Duela hamabost urte inguru sortu zuten natur taldea Orion, eta ordutik, iaz izan ezik, urtero antolatu dute hazi banaketa. Egun sei kidek osatzen dute Herrio, eta beraiek arduratu dira inguruko basoetan haziak biltzeaz eta sailkatzeaz, igandean beren postura bertaratzen direnen artean banatu ahal izateko.

Eneritz Odriozola Herrioko kideak azaldu duenez, "inguruko basoen egoerak" kezkatuta jarri zuten martxan haziak banatzeko dinamika: "Baso, zuhaitz eta landare autoktonoak sustatzeko ekintza xumea da egiten duguna". Hala, banaketen bidez, asmoa da herritarrek haziak jasotzea eta beren etxeetan landatzea. "Behin landareak hazten direnean, inguruko basoetan landatzera animatzen ditugu guztiak", dio Odriozolak.

Besteak beste, gaztainondoaren haziak, haritzarenak, gorostiarenak edota lizarrarenak jaso ahalko dituzte herritarrek, doan. Gainera, azalpenak dituen orri bat emango diote bakoitzari, haziak nola erein eta nola landatu lehen eskutik jakin dezaten.

Haurrak protagonista

Azken urteetan, batik bat "haurrak eta adineko pertsonak" bertaratu direla hazi banaketara esan du Odriozolak: "Aurten horregatik aukeratu dugu igandea ekintza egiteko, haurrek etortzeko aukera izan dezaten, larunbatetan eskola kirolean aritzen baitira". Bestalde, herriko ikastetxeek banaketan sobratutako haziak eskatu dizkiete azken urteetan, gero ikasleei emateko.

Odriozolak dio Herriok urtean zehar antolatutako "ekintza garrantzitsuenetakoa" dela hazi banaketa, baina ez bakarra. Izan ere, erabilitako jostailuen trukerako azoka egingo dute aurten ere, hamargarren urtez jarraian. Hil honen bukaeran izango da, eta ohi bezala, helburu izango du haurrek erabiltzen ez dituzten jostailuak biltzea, berrerabili ahal izateko, baita "kontsumoaren inguruko kontzientzia lantzea eta garatzea" ere. Hala, postuan bertan, haurrek jostailuak elkartrukatzeko aukera izango dute, baina bestalde, "beharra izan dezakeen elkarte edo kolektiboren batekin harremanetan" jarriko dira Herriokoak, azokan jasotako materiala helarazteko. Iaz, esaterako, Saharako haurrei bidali zizkieten plazan bildutako zenbait jostailu.

Informazio praktikoa

Eguna. Azaroak 10, igandea. 
Ordua. 11:00-13:30.
Lekua. Euria iragarri dutenez, ziur aski Pietatearen azpian kokatuko dute gunea. Bestela, Zakilaneko aldapan izango da.
Banatuko dituzten haziak. Gaztainondoarenak, haritzarenak, gorostiarenak, eta abar.
Antolatzailea. Herrio Orioko natur taldea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!