Euskara eta turismoa uztartzeko jardunaldia egingo dute Orion

Karkara 2019ko aza. 7a, 12:53
‘Euskara eta turismoa: aukerak eta arretaguneak’ jardunaldiaren aurkezpena. Intza Unanue Arruabarrena

Euskarak eta turismoak elkarreragin positiboa izan dezaten, eredu desberdinak aztertuko dituzte ‘Euskara eta turismoa: aukerak eta arretaguneak’ jardunaldian.

Euskara eta turismoa nola uztartu, eta euskara turismo eskaintzan nola eta zertarako nabarmendu aztertzeko jardunaldia izango da, azaroaren 21ean, Orioko Arraunetxen. UEMAk eta UEUk egun osoko egitaraua antolatu dute, Orioko Udalarekin batera, udalerri euskaldun eta turistikoetan sortutako kezkez hausnartzeko eta lan ildo berriak zehazteko asmoz.

Astearte goizean izan zen aurkezpen ekitaldia, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean. UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok, UEUko idazkari nagusi Ane Sarasuak eta Orioko alkate Anuska Esnalek aurkeztu zuten  Euskara eta turismoa: aukerak eta arretaguneak jardunaldia. 

Erronka euskararen alde
Lazkanoren hitzetan, 2017an hainbat kezka sortu zitzaizkien UEMAn. «Turismoak euskaran nola eragiten zuen jakin nahi genuen, eta guk nola eragin ahal genuen turismoan euskaratik». Hala, gai horien inguruko pertzepzioak datutara ekarri nahian, bisitariek euskararekiko duten ikuspegia aztertu zuten iaz. «Emaitzak garbi erakusten duena da, bisitari ia guztiek eskertu egiten dutela euskara entzutea eta ikustea».

Horren harira, hausnarketa   abiatzea erabaki zuten Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean, eta, turismoari begira bi lanketa ezberdin egin behar zirela ondorioztatu zuten. Batetik, ezinbestekoa iruditu zitzaien, euskararen presentzia bermatzea eta euskara bisitarientzat erakargarri bihurtzea, eta, bestetik, euskal kultura plazaratzeko bidea sortzea.

Lazkanoren ildoari jarraituz, UEUko idazkari nagusi Ane Sarasuak aurkezpenean azaldu zuen, euskarak turismo eskaintzan eta udalerri euskaldunen garapen ekonomikoan izan dezakeen eraginagatik eta garrantziagatik, beharrezkoa iruditu zitzaiela hausnarketa eta ikerketa abiatzea. Horrela, UEMAren eta UEUren arteko elkarlana sortu zen, eta jardunaldia antolatu zuten. «Euskarak eragin positiboa izan dezake turismoan, eta baita turismoak euskaran ere. Hori lortzea litzateke jardunaldiaren helburua». Bestalde, Orioko alkatearen esanetan, «Orio herri euskalduna eta turistikoa izanik, euskara eskaintza turistikoan nola txertatu» jakin nahi izan dute. Horregatik, UEMAren eta UEUren proposamena Orioko Udalera iritsi zenean, «gogotsu» hartu zuten. Orioko Arraunetxen izango da jardunaldia. «Orio herri euskalduna da, baina baita ere arraun-zalea. Horregatik, Arraunetxe leku paregabea iruditu zaigu, gai horren inguruko hausnarketa egiteko eta kezkak lantzeko». 

Egun osoko egitaraua
Goizean goiz hasita, Jon Elzok emango du irekiera hitzaldia; Deusto Unibertsitateko irakaslea da, neuromarketingean aditua, eta turismoko ikuspegi berritzailea eskainiko du Gura proiektuaren baitan. Atsedenaldiaren ondoren, Bordeleko (Frantzia) Kedge Enpresaritza Eskolako ordezkari Jean Yves Agarrek hartuko du hitza, eta atzerriko esperientzia bat oinarri hartuta, ekonomia, turismoa, identitatea eta kultura uztartuko ditu hitzartzean.

Horrez gain, Kutxa Ekoguneko teknikari eta UEUko kide Itsaso Olaizolak turismoren eta hizkuntzaren garpena jorratuko du; eta Inhar Agirrezabal arkitekto zarauztarra turista jasangarriaz arituko da.

Eguerdian, bazkaltzeko tartea hartuko dute parte hartzaileek,  eta arratsaldean mahai-inguruan bilduko dira turismo arloko esparru desberdinetako lau aditu: Idurre Lukas Bizibiziki enpresako kidea, Iker Goiria Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendaria, Esther Facchin Zarauzko Turismo teknikaria eta Gotzon Barandiaran Ahotseneako eta UEUko kidea jardungo dira solasean.

Ondorioen bilketarekin emango diote amaiera jardunaldiari. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!